Donostia-San Sebastián. Magdalena Mignaburu ikertzaile argentinarra eta Josu Legarreta euskalduna Baionako Euskal Museoan izango dira etzi, “Somos Vasco-Argentinos” liburua aurkezteko. Liburu honetan Argentinako euskal komunitatearen historia aztertu dute egileek, herrialde honetan egin diren Euskal Batzarren bitartez.
Aurkezpen bira laburra egingo dute egunotan Euskal herrian, lana beste bi hiriburutan aurkeztuz: ekainaren 20an, astelehenean, Bilboko Euskal Museoan eta hurrengo egunean, ekainaren 21ean, Donostiako Aquarium-ean.
Lanak, esan bezala, Argentinako Euskal Batzarrak aztertzen ditu, helburu argi batekin: "Liburuaren asmo nagusia gure Argentinako euskal komunitatearen oroimen historikoa gordetzea da, argi dugula zer nolako garrantzia duen gure historia, eta bereziki Diasporarena, ondo ezagutu, gorde eta zabaltzea", agertu diote egileek EuskalKultura.com-i.
Liburuak "1989tik 2005era egin ziren Batzarrak biltzen ditu. Gainera, herrialde honetatik kanpo egin ziren zenbait batzar ere ekarri ditugu honera, eragin handia izan zutelako eta Argentinan egin zirenen aurrekari izan zirela uste dugulako", gehitu dute.
Mignaburuk eta Legarretak bildutako materialaren bitartez ikus daiteke Argentinako euskal komunitatea ez dela inoiz izan bere nortasuna galtzeko arriskuan (nahiz eta ingurutik presio gogorrak jasan dituen historiako zenbait unetan). Alderantziz, "Argentinako euskal komunitateak jakin du bere ohiturak, tradizioak eta printzipio demokratikoak gordetzen eta, zenbait une historikoetan horiek guztiek kanpora proiektatzen. Eta hiru, lau, bost eta sei belaunaldiko tartearekin ere egin du hori".
Etorkizunari begira, egileen ustez, "Argentinako euskal gizataldearen erronka nagusia gazteen parte hartzea sustatzea da". Haien esanetan "begirada berri bat beharrezkoa da euskal etxeen berriztapena eta biziraupena lortzeko".