Kultura eta Ongintza Elkarte honetako Zuzendaritza Batzordeak eskaturik, Euskal Echearen historian sakonduko dute Magdalena Mignaburu historialari argentinarrak eta hogei urte inguru Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria izan zen Josu Legarretak. Proiektua bukatzeko data zehatzik oraindik ez badute ere, egileek 2018ko martxoan egongo dela prest adierazi diote EuskalKultura.com-i.
Buenos Aires, Argentina. Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea 1904. urtean jaio zen ‘Jaungoikoa, Sorterria eta Lana’ lelopean. Argentinan bizi ziren euskal jatorriko hainbat lagun sortzaile, asmo argi eta jakin batzuekin bultzatu zuten fundatzaileek, hala nola Argentinaren alde lan egitea, hezkuntza bultzatzea eta edadetuak zaintzea.
Mende luze bat pasatu da 1904ko maiatz hartatik, eta oraingoz eginiko ehun eta hamahiru urte hauek behar bezala oroitu eta gorde eta batere gal ez daitezen liburu bat idazteko eskatu zion elkarteko Zuzendaritzak Magdalena Mignabururi. Idazleak adierazi digunez, “ikerketaren helburua Kultura eta Ongintza Elkartearen historia behar bezala azaldu eta dokumentatzea da, sortu zutenetik gaur arte. Printzipioz, bost atal izango ditu, baita argazki bilduma ere. Asmoa da hogeita hamar bat elkarrizketa egitea eta elkarrizketa horiek filmatu egingo ditugu liburuaren osagarri izan daitezen eta Elkartearen artxibo historikoa handitzeko”, jakinarazi digu Mignaburuk.
Josu Legarretaren partaidetzari buruz galdetzen diogu eta historialariak, esan digu "Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria izan zenez asko daki(ela) Euskal Echea-ri buruz". Baina hori baino garrantzitsuagoa da Josu lankide bikaina dela. Esperientzia ezin hobea izan zen berarekin batera ‘Somos vasco-argentinos. Recuperación de la memoria historica’ liburua idaztea eta emaitza hura gogoan gonbidatu dut hau ere nirekin batera idaztera. Nire ustez, elkarlana aberasgarria da beti”.
Iturriak ere aipatu dizkigu Mignaburuk eta "mota askotakoak izango direla" segurtatu, tartean, "Frantziskotar Kaputxino eta Angelukoko 'Siervas de Maria' kongregazioetako artxibategiak, urtekariak, argitalpenak, liburuak, ahozko eta idatzitako testigantzak eta filmatuko diren elkarrizketak. “Oraindik lan handia dugu aurrean, datu asko bildu eta aztertzeko; baina daukadanarekin nahikoa da esateko Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea Euskal Herritik kanpo euskal gizataldeak sortutako hezkuntza eta elkartasun lan garrantzitsuena dela”, baitetsi du Mignaburu.
2018ko martxorako egongo omen da prest liburua.
Gogora dezagun Argentinako euskal kolektibitateari lotutako beste hainbat gairi buruz idatzi duela Magdalena Mignaburuk azken urte hauetan. Argitaratutakoen artean ‘Historia de la Federación de Entidades Vasco Argentinas' (Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunaren historia); ‘Patria Vasca en Argentina: un siglo de nacionalismo vasco’ (Euskal aberria Argentinan. Ehun urte Abertzaletasun); eta ‘El Euskera en Argentina. Identidad y sentimiento’ (Euskara Argentinan. Nortasuna eta sentimendua’) aipa daitezke.