Puerto Madryn, Argentina. Irailaren 22tik 25era egin zen Chubut probintziako Puerto Madryn hirian ‘Madryn Canto’ izeneko abesbatzen topaketaren 18. edizioa. Bertako Udaleko Korua antolatzaile, maisu gonbidatuen artean, Javier Busto gipuzkoarra, nazioartean izen ospetsua duen maisua, egon da aurten.
Kantaldian parte hartzeko gonbitea nolatan heldu zitzaion galdetuta honako hau erantzun dio Busto maisuak EuskalKultura.com-i: “Udalaren Abesbatzako zuzendaria den Diego Lacunzak, euskal jatorrizkoa bera, nire musika ezagutzen zuen eta horregatik jarri zen kontaktuan nirekin; beste alde batetik, mediku gisa 37 urtez lan egin ondoren, duela hiru urte erretiroa hartu nuen eta denbora libre gehiago dut orain hau bezalako gonbiteak onartzeko”.
Hiru egunetan zehar, zenbait tailer eskaini zituen musikagileak; eskoletan landutako euskal piezak, bere moldaketadunak, hala nola "Axuri Beltza", "Itsasoan laino dago" eta "Haurra egizu lotto, lotto" seaska kanta. azken honen kasuan, "hitzak Resurreccion Maria de Azkuerenak eta musika nirea”, jakinarazi digu Bustok.
Abestiak ez ziren izan, ordea, 2016ko ‘Madryn Canto’n entzun zen euskal musika bakarra. Izan ere, hiriko Etorritakoengatik Euskal Etxeko kideek ekitaldira bertaratu nahi izan zuten eta inaugurazioan ohorezko aurresku dantzatu zioten artista gipuzkoarrari. Bustoren esanetan, “aurresku batekinhartu ninduten eta unea oso hunkigarria izan zen. Euskal zapi bat ere oparitu zidaten eta nire etxean baina batez ere nire bihotzean gordeko dut”. (Aurreskuaren bideoa, hemen)
Buenos Airesko Lagun Onak
Bidaia berean, baina Buenos Airesen, Lagun Onak Abesbatzako kantariekin ere bildu zen musikaria, Laurak Bat Euskal Etxeko instalazioetan. “Duela hamabi bat urte harreman estua dut Buenos Airesko Lagun Onak koruarekin. Bidaia honetan, Argentinara egin dudan hirugarrena, nik musikatutako Azkueren Urrundiko usoa seaska kanta oparitu diet, euren euskal sustraiak ahaztu ez ditzaten”.
Lagun Onak-eko kideek bozkarioz hartu zuten bisita eta hain opari berezia, baina batez ere “maisuaren jakituria eta alaitasuna konpartitzeko dugun probilejioaren erakusgarri delako", adierazi digute.