euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero garaile Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketan

2009/09/08

Irudian Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero txapelketako irabazleak Euskal Herriko bikotearen aurka jokatutako partidan
Irudian Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero txapelketako irabazleak Euskal Herriko bikotearen aurka jokatutako partidan

PUBLIZITATEA

Madrilgo bikoteak, Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero, irabazi du joan den astean Bizkaiko Balmaseda herrian jokatu den Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa. Abuztuaren 29tik irailaren 5era egin den txapelketan Euskal Diasporako 11 bikotek hartu dute parte. Bigarrena Frantziako bikotea izan da eta hirugarrena berriz, Balmasedakoa. Antolakuntzatik azaldu dute bai muslariak, baita hauekin etorritako laguntzaile eta ordezkariak ere, oso gustura aritu direla Balmasedan. Musean jokatzeaz gain, turismoa egiteko parada izan dute eta Bilbo, Gasteiz, Urdaibai eta Gaztelugatxen izan dira besteak beste. Datorren urtean, Estatu Batuetan, Kaliforniako Chinon, izango da Munduko Mus Txapelketa.

Balmaseda, Bizkaia. Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa joan den larunbatean amaitu zen sari banaketa egiteko antolatutako afari bereziarekin. Abuztuaren 29tik irailaren 5a arte egin den txapelketan, hamaika herrialdetako ordezkariak aritu dira lehian: AEB, Australia, Mexiko, Venezuela, Txile, Argentina, Frantzia, Kanada, Espainia eta Euskal Herriko bi. Hamabigarrena, Uruguai, azken orduko baja izan zen bidaia egiteko arazo ekonomikoak tarteko, Andres Fernandez antolatzaileak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Aurtengo topaketan Madrilgo Euskal Etxeko bikoteak eraman du saria, Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuerok hain zuzen ere. Sailkapenaren bigarren postua, Frantziako ordezkarientzat izan da, Totte López eta Rober Irazoquirentzat eta hirugarrena, berriz, Balamasedako bikotearentzat, Juan Mena eta Oscar Perezentzat. Aurreko edizioetan bezala, txapelketak liga izaera izan du, beraz, bikote guztiak bikote guztien kontra aritu dira. Gainera, 'lehia bereziki estua izan da eta azken partida jokatu ostean ere, epaimahaikoek erabaki behar izan dituzte hirugarren, laugarren, bostgarren eta seigarren postuak, guztiek lau partida galduta baitzituzten'.

Emakumeek ordezkaritza izan dute bikote partehartzaileen artean. Esaterako, AEBetako bikotea bi emakumek osatu dute, Nekane Gabika eta Mariasun Smithek. Hauetaz gain, Australiako bikotean ere, Mariasun Salazar aritu da jokoan Francisco Guzman lagunarekin. Fernandezentzat oso esanguratsua da emakumeen parte hartzea 'hasieran denak gizonak ginen eta emakumeak ere musean primeran moldatzen direla erakusten ari dira azken txapelketetan'.

Datorren urtean Chinon

Txapelketak iraun dituen egunetan, 11 herrialdetatik iritsitako muslari, ordezkari zein laguntzaileek Euskadiko hainbat paraje ezagutzeko aukera izan dute. Hainbat txango eta kultur jarduera egin dituzte besteak beste, Bilbo, Gasteiz, Urdaibai edota Gaztelugatxera. Antolatzaileen esanetan, aparteko giroa izan du txapelketak eta pozik azaldu dira emaitzarekin. Dagoeneko batzuk datorren urteko hitzorduan pentsatzen ari dira, 'Punta del Este, Uruguain egitekoak ginen baina aipatutako arazoak direla eta, azkenean Chino hirian, Kalifornian egingo da'. Ziurrenik Chinoko Euskal festibalarekin bat --iraileko lehenengo asteburuan bukatuz, alegia-- egingo da 2010eko Munduko Euskal Gizataldeen Mus txapelketa, Estatu Batuetako ordezkaritzatik EuskalKultura.com-i azaldu zaionez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia