Madril, Espainia. Iraileko egun hauetan Donostia Nazioarteko Zinemaldiaren 69. edizioa ari da bururatzen eta 22an, asteazkena, zuzendari gipuzkoar baten, Manu Gomez-en (Arrasate, 1973) 'Érase una vez en Euskadi' opera prima estreinatu zuen. Filmak laurogeiko hamarkada Euskal Herrian kontatzen du, lau haur protagonisten ikuspegitik. Gutxik jakingo dute, baina, filmak Madrilgo Euskal Etxeko euskara irakasle eta ikasleek partaide izan dituela.
Ekoizleek euskaldunen ahotsak bilatzen zituzten Madrilen eta Ane Bastida Euskal Etxeko irakasle eta aktorearekin harremandu ziren. Filma gaztelaniaz grabatuta dago gehienbat, baina euskararen zolitasuna eman nahi izan zieten bigarren mailako eszena eta planoei. Horregatik, Eta horretan egin zioten ekarria Madrilgo Euskal Etxeko euskara ikasleek, hiriko grabazio-estudio batean Manu Gomez-ekin bildurik bere gidoiari ahotsak jartzeko.
Filmaren trailer ofiziala
"Oso esperientzia polita izan zen guztiontzat", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Ane Bastidak. "Izan ere, maila aurreratuko ikasleek ez ezik, hasierako mailakoek ere gogo handiz aritu ziren. Testu luzeak bazeuden, baina baita laburragoak ere eta beraz guztiek parte hartu ahal izan zuten. Eskola orduetatik kanpo euskaraz hitz egiteko aukera desberdin bat eman zien. Eta gidoia idatzita zegoen arren, zertxobait inprobisatzeko aukera ere izan zuten. Zuzendaria oso pozik geratu zen lortutako emaitzarekin".
'Érase una vez en Euskadi' urriaren amaieran estreinatuko dute zine areto komertzialetan eta orduan proiektatu ahal izango dute Euskal Etxeko zinegelan. Filmaren zuzendaria gonbidatzeko asmoa dute, Madrilgo euskal komunitate osoarekin partekatzeko bizitako esperientzia berezi hau.
Zorionak irakasle eta ikasle guztioi eta Euskal Etxeari!