euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxeko apirileko jarduera-programa: San Prudentzioren ospakizuna, 'Mintzalaguna' ekimena...

2008/04/08

Madrilgo Euskal Etxeko armarria
Madrilgo Euskal Etxeko armarria

PUBLIZITATEA

Hilero egiten duen moduan, Madrilgo Euskal Etxeak datozen asteetan burutuko dituen jardueren berri ematen du. Apirila osoan zehar eskainiko dituen ekintzen artean hauek aipatu daitezke: aurkezpenak, mendi irteerak, futbol partidak, zine kluba, Idiazabalgo gazten eskaintza, Mus txapelketa eta San Prudentzio arabarren santua ospatzeko, Aguraingo Abesbatzaren kontzertua, Arabako lurraldeen inguruko hitzaldia eta bazkaria egingo da Euskal Etxeko egoitzan. Beste alde batetik, antolatzaileek 'Mintzalaguna' ipini dute martxan, Euskaltegiko ikasleen eta euskara ikasten dauden bazkideek era natural eta libre batean euskara erabiltzen laguntzeko ekimena.
Orden kronologikoa mantenduz, hilaren 10ean Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari prestigiotsuaren El Nacionalismo Lingüístico: Una ideología destructiva liburuaren aurkezpena egingo da euskal etxeko bilkura-aretoan. Hilaren 17an, 19:30etan, Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoetan eta Soziologian litzentziaduna, eta Eusko Jaurlaritzako Gaztemundu egitasmoaren bultzatzailea den Agustin Oiarzabal de Cuadrak Diasporako euskal kultura eta identitatearekin loturiko proiektuei buruz hitzaldia eskainiko du. Jarraian, eztabaida egingo da. Egun bat geroago, apirilaren 18an, Madrilgo 'Trio Arion' taldeak gitarra klasikoko kontzertua eskainiko du 19:30etan.

Euskal Etxeko Mendi Elkartea hilaren 19an Ayllon aldeko mendietara joango da, eta maiatzeko zubian Bizkaira. Athletic Club-en Lagunartea, aldiz, Gamiz-Fikako kongresua zein Roquetas de Mar-en egingo den lagunarteen topagunea prestatzen ari da. Futbol taldea hirugarrena da udal liga txikian, gero Kopa jokatuko du eta maiatza edo ekaina aldean --datak zehaztu gabe daude oraindik-- Gasteizera joateko asmoa dute jokalariek, Alaves taldeko beteranoen aurkako partida jokatzeko. Zine Klubari dagokionez, gai aldetik oso ezberdinak diren filmeak ikusiko dira: hilaren 15ean, 19:00etan, El tren de las 4,50 Agatha Christieren gaineko ziklo bati hasiera emanez, eta 22an, berriz, ordu berberean euskarazko 'Nomadak' eskainiko dute, euskal zinemaren azken ekoizpenetako bat, gaztelaniazko azpitituluekin.

San Prudentzioren ospakizuna eta 'Mintzalaguna' ekimena

Madrilgo Euskal Etxeak aurreko urteetan egin duen modu berean, aurten ere Idiazabalgo gaztaren eskaintza egingo du, nahiz eta datak zehaztu gabe egon oraindik. Mus txapelketaren sariak, ordea, hilaren 17an emango dira, 20:00etan. San Prudentzio arabarren santua egoki ospatzeko Euskal Etxeak beste zenbait jarduera antolatu ditu. Arabako lurraldeak gai izango dituen hitzaldi bat eskainiko da hilaren 24an, 19:30etan. Hiru egun geroago, 27an, honako menua edukiko duen bazkaria edukiko dute parte hartzaileek: otarrainxkak, azpizuna piperrekin, postrea, kafea eta patxarana. Prezioa 17 eurokoa da bazkideentzat, eta 20 eurokoa bazkide ez direnentzat. Dena den, izena-ematea aldez aurretik egin behar da 10 euro ordainduz Idazkaritzan bertan. San Prudentzio ospakizunari eta apirileko jarduera-programari amaiera emateko Aguraingo Abesbatzak emanaldi bat eskainiko du San Ignazio elizan hilaren 27an, 19:30etan. Aldez aurretik, igandeko mezan ere abestuko dute, 12:00etan. Honako programari lotuko zaio:

- DICEN QUE DICEN - Garcia Roman
- EN MI VIEJO SAN JUAN - Noel Estrada (Habanera)
- STEAL AWAY - J. Pagot (Beltz espirituala)
- VALENTINA - Alain Langree (Mexikarra)
- EL ROBLE Y EL OMBÚ - A. Intxausti (Argentina)
- ELURRA - Gotzon Aulestia (Herrikoia)
- ILLUN ABARRA - Mokoroa (Herrikoia)
- EL ABANICO - J. Trayter (Habanera)
- SARATARRA - J. M. Glez. Bastida (Iparraldekoa)
- CANCIÓN DEL ROMERAL - (Osagaia) - Solabarrieta
- KU, KU - Sergei Jaroff (Errusiar abestia)
- GOIKO MENDIAN - Jesus Guridi (Herrikoia)
- BOGA, BOGA - Jesus Guridi (Marinel herrikoia)

Beste alde batetik, Madrilgo Euskal Etxeak 'Mintzalaguna' ekimena jarri du martxan. Proiektu honek bi helburu ditu: euskaltegiko ikasleei (eta euskara ikasten ari diren bazkideei) klasetik kanpo eta era natural batean euskara erabiltzen laguntzea, eta euskaldun zahar diren bazkideei euren hizkuntzari eusten laguntzea. Lan metodologiari dagokionez, Euskal Etxeko Euskaltegian fitxak banatu dituzte ikasleen artean, 'Mintzalaguna' ekimenean parte hartu nahi dutenen fitxategia sortzeko. Partehartzaileen kopurua nahikoa denean, antolatzaileek harremanetan ipiniko dituzte interesa duten pertsona guztiak, gero eurek bilerak nahi duten erara antola ditzaten, txangoak edota bazkari-afariak eginez. Ekimenean parte hartzeko interesa duten pertsonek hona idatzi edo Madrilgo Euskal Etxeko telefonora dei dezakete informazio gehiago jasotzeko: 915-314-593.


Lotura interesgarriak

Madrilgo Euskal Etxeko webgunea
www.euskaletxea-madrid.com

Kirmen Uribek poema errezitaldia eskaini du Madrilen
2008ko martxoaren 1n EuskalKultura.com-en argitara emana

Santa Agedako koplak kantatu zituzten Madrileko kaleetan
2008ko otsailaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia