euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxearen antzerki taldeak arrakastaz taularatu du bere lehenengo lana, Maria Gainzarain zuzendari

2024/07/29

Madrilgo Euskal Etxeko Antzerki Taldeak aretoa beterik estreinatu zuen bere lehen obra, Maria Gainzain zuzendari
Madrilgo Euskal Etxeko Antzerki Taldeak aretoa beterik estreinatu zuen bere lehen obra, Maria Gainzain zuzendari

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia.Mikro blues. Escenas cotidianas’ du izena lanak eta lau mikro antzezlan biltzen ditu. Lau lanok beste hainbeste euskal idazleren testuetan daude oinarrituta eta moldaketak apirilean lanean hasi zen Madrilgo Euskal Etxeko antzerki taldeko lagunek egin dtuzte, euskal elkarte madrildarreko zuzendaritzakide ohi eta bazkide Maria Gainzarain antzerkilari gasteiztarraren koordinaziopean.

Arrakastaren ostean, datorren urtean Antzerki Tailerrak segitu egingo duela baieztatu dute. Dagoeneko bost antzerkizale berrik eman dute izena. Ez da aldez aurretiko ezagutzarik behar

“Mikro lanetako bakoitza bertan hasi eta amaitzen da", azaldu dio Maria Gainzarainek EuskalKultura.eus-i, "eta amaiera bakoitzean zuzeneko musika erantsi diogu, jazz-a hain zuzen, antzezpena eta musika uztartzeko asmoarekin”. Lagundu duten musikariak Pedro Gracia (harmonika) eta Arturo Garcia Lago (gitarra) izan dira, eta antzezleak, berriz, Marta Arbizu, Maf, Rosa Gago, Cristina Ines eta Jose Ramon Olaso.

Mikro blues. Escenas cotidianas’en estreinaldia ekainaren 25ean egin zen, Euskal Etxeko Peio Aramburu Aretoan. "Ekitaldia bikain atera zen, aretoa beteta, eta lanak izugarrizko harrera ona izan zuen publikoan. Ondoren egin genuen festak bat egin zuen Euskal Etxearen ikasturte amaierakoarekin". "Eta arrakastari lotua, beste berri on bat, emanaldia bukatzean bost lagun hurbildu baititzaizkigun parte hartu nahi dutelako udaren osteko hasiko dugun datorren tailerrean”, diosku ilusio handiz Gainzarainek.

"Ondo pasatzeko gune lasaia"

Euskal Etxeko oso bazkide aktibo eta duela gutxi arte zuzendaritzakide izan den Maria Gainzaraini urteak zebilzkion buruan EEan antzerki taldea osatzeko ideia.. “tira, osatzeko baino, berriro osatzeko, esango genuke", dio, "izan ere egon egon baitzen lehenago EEan antzerki talde bat, duela urte batzuk", argitzen du. "Zuzendaritza Batzordean nengoenean ez neukan astirik; hau da momentua, azkenean gauzatu ahal izan dut proiektua”. Deialdia eginda, "talde polita bildu da zen eta pozik gaude, ez dira aktore profesionalak; helduak dira gehienak eta batzuk erretretan daude".

"Abiatzeko, oinarrizko arau batzuk baino ez nituen eman, hori eta adierazi apur nola mugitu behar den oholtza gainean, horrela hasi genituen entseguak”. Euren lehenengo estreinaldi arrakastatsuaren ostean animatuta daude eta hurrengo ikasturtean ildo beretik jo nahi lukete: “Kideek hautatzen dituzten euskal egileen testuekin egingo dugu lan, irakurriko ditugu, garrantzitsua baita euren partaidetza eta egin nahi dituzten pertsonaiak ere hautatzea. Tailerraren helburua ondo pasatzeko gune lasai bat sortzea da eta nire lana horretan lagundu eta gauzak koordinatzea izango da”, adierazi digu.

Tailerrean parte hartzeko ez da aldez aurretiko ezagutzarik edo esperientziarik behar. Udaren ostean jakinaraziko dira egunak eta ordutegia, Euskal Etxeko sareetan.

- Madrilgo Euskal Etxea Instagramen: euskaletxea_madrid 
- Facebook: https://www.facebook.com/madrilgoeuskaletxea
- Webgunea: https://ongietorri.euskaletxea-madrid.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia