euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Astea: Euskal Etxeak 2012ko Euskal Jaiaren ospakizunetara biltzeko gonbitea egiten du

2012/10/01

Iaz dantzariek ikuskizuna oholtza gainetik jaitsi eta ikusleengana eraman zuten (argazkia MadrilEE)
Iaz dantzariek ikuskizuna oholtza gainetik jaitsi eta ikusleengana eraman zuten (argazkia MadrilEE)

PUBLIZITATEA

Madrilgo Euskal Etxearen egoitzaren 30. urteurrena gaur eta bihar urriaren 1 eta 2an beteko da eta euskal elkarte madrildarrak gaurtik aurrera ospatuko du, astean zehar egingo dituen hainbat ekitaldi berezi antolaturik. Ospakizunak larunbatean bukatuko dira, elkartearen urteroko Euskal Jaiarekin. Aurreko bi edizioetan bezala, festa Retiro parke ezagunean egingo da eta Euskal Herritik iritsiko diren taldeak gonbidatu dituzte bertara: Kukai dantza taldea, Zumarraga-Urretxuko Irrintzi euskal dantza taldea, Bilbao Mapa Mundi taldea eta Iñaki Plaza & Band euskal folk taldea.

Madril, Espainia. Madrilgo Euskal Etxeak aste bizi-bizia izango du honakoa, larunbata arte bere egoitzaren 30. urteurrena eta 2012ko Euskal jaia ospatuko dituelako. Jarduerak gaur bertan hasiko dira, Euskal Etxearen historiari buruzko argazki erakusketa baten inaugurazioarekin. Urriaren 15a arte egongo da erakusketa euskal elkartean.

Bihar, urriaren 2an, euskal etxearen sorrerari eta egoitzari buruzko mahaingurua egingo dute elkartea sortu zuten zenbait bazkide partaide. Ekitaldi honetan, Euskal Etxearen Urrezko Ikurra jasoko dute Cipriano Garcia Vadillok eta Antton Orbek, betidaniko bazkide eta elkarteko lehendakari ohiak.

Asteazkenean, urriaren 3an, Peña Athletic taldeak «Lehoi bat Foroan» saria emango du. Sari honekin eskerrak eman nahi dizkiete Madrilen bizi diren talde zurigorriaren zaleei; lehen edizio honen irabazlea Antonio Fraguas «Forges» marrazkilaria izango da. Sari-ematea 20:30etan egingo da, Pello Aranburu aretoan, eta Juan Ramon Lucas kazetariak aurkeztuko du.

Jaia Retiro Parkean

Urteurreneko ekitaldiak elkartearen urteroko Euskal Jaiarekin itxiko dira, larunbatean. Jaia Retiro parkean egingo da eta aurten ere, euskal etxeak Madrilgo euskaldunei eta euskal kulturaren lagunei bertara biltzeko gonbitea luzatu die.

Ekitaldi batzuk, adibidez, Euskadi-Madril estropada-desafioak, hirugarren edizioa dute aurtengoa. Euskal Herritik Itsasoko Ama (Santurtzi) eta Ur Kirolak (Donostia) taldeak etorriko dira lehiatzera, eta Madrilgo Club de Remo Retiro (Madril) eta Club de Remo Casa de Campo (Madril) izango dituzte aurkari. Eguneko lehen ekitaldia izango da, goizeko hamarretan.

Eguerdian, Zumarraga-Urretxuko Irrintzi Dantza Taldeak euskal dantza erakustaldia egingo du parkean jarriko den agertoki nagusian, eta euren ondotik Bilbao Mapa Mundi taldeak "bilbainada" kantaldia eskainiko du. Jarraian, 14:00etan, Kukai dantza taldearen txanda izango da: errenteriarrek euren koreografia modernoak, euskal tradizioan errotuak, aurkeztuko dituzte.

Folk kontzertua

Bazkaltzeko atsedenalditxo bat hartu ondoren, 18:00etan hasiko dira berriz emanaldiak, euskal etxeko dantza taldearen erakustaldi batekin. Ondoren, 19:00etan, elkarteko Orfeoiak kantaldia eskainiko du eta jaiari bukaera emanez, ilunabarrean Iñaki Plaza & Band folk talde bizkaitarrak kontzertua emango du.

Egun osoan zehar taberna irekita egongo da, eta bertaratzen direnek txakolin, sagardo eta pintxo dastaketa egin ahalko dute. Sagardi jatetxea izango da tabernaren arduraduna. Gogoratu orain dela hilabete batzuk euskal etxearen bigarren solairuan inauguratu zela Sagardi jatetxea eta lehenengoz dela, beraz, Euskal Jaiko partaide.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia