euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxeak Korrikarekin bat egingo du lehendabizikoz, 'Madrilen ere Korrikaren alde' lelopean

2007/03/14

Haur Txokoko umeak izango dira Madrilgo Korrikaren protagonista (argazkia Madril EE)
Haur Txokoko umeak izango dira Madrilgo Korrikaren protagonista (argazkia Madril EE)

PUBLIZITATEA

Bere historian lehenengo aldiz Korrikaren bisita jasoko du aurten Madrilgo Euskal Etxeak. Korrika Helduen Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) antolatuko lasterketa herrikoia da, erakunde honentzat dirua bildu eta euskararen aldeko aldarrikapena egiten duena. Oraingoan, Madrilgo Euskal Etxeak Diasporako beste elkarte batzuen eredua jarraitu eta bere Korrika txikia antolatu du martxoaren 24rako. 'Lasterketa antolatzea posible izan bada Haur Txokoko umeen gurasoek jarri duten gogo eta lanagatik izan da', azaldu dio EuskalKultura.com-i Zuriñe Fernandez Euskal Etxeko euskara irakasleak.
Madrilgo Euskal Etxeko kide eta lagunak ilusioz gainezka ari dira prestatzen elkarteak egingo duen lehenengo Korrikaren ospakizuna. Euskararen aldeko lasterketa honek Euskal Herriko hiri eta herriak zeharkatuko ditu martxoaren 22tik apirilaren 1era bitartean eta azken edizioetan munduko bazter bateko eta besteko euskal etxeek lasterketarekin bat egin eta beraien Korrikaren bertsio propioa egin dute. Aurten egingo den 15. edizio honek Madrilgo Euskal Etxearen parte hartzea ere izango du, euskararen aldeko aldarrikapenaren oihartzuna Espainiako hiribururaino zabalduz.

Jaia datorren martxoaren 24ean izango da, larunbata, eta Euskal Etxeko kide eta lagunak bilduko ditu, elkarteko euskara ikasleek --150etik gora, Zuriñe Fernandez irakasleak dioskunez-- eta Haur Txokoko umeek protagonismo handia izango dutelarik. Izan ere umeen gurasoak izan omen dira jai hau gauzatzeko ahalegin handiena egin dutenak. Madrilgo Euskal Etxearen Korrika eguerdiko 12:00etan hasiko da elkartearen aurrean eta txupinazo batek jarriko du abian lasterketa.

Ibilbidea Euskal Etxearen inguruan

Arabako AEKk bidalitako peto eta pegatinekin jantzita, korrikalariek Euskal Etxearen inguruko kaleetan egingo dute ibilbidea. 'Hainbat pertsonek eramango dute lekukoa, horien artean ikasleren batek eta euskal etxeko ama batek (Korrikaren 15. edizio honek ama eta emakumeak omentzen ditu)', azaltzen du Fernandezek. 'Euskal Etxera heltzean beste ama batek aurreskua dantzatuko du'. [Ezkerreko irudian Euskararen Egunean Madrilgo Haur Txokoan egindako ekitaldietako bat]

Eguna Euskal Etxean egingo den bazkari batekin biribilduko dute. Euskal kultura eta euskararekiko interesa duen oro jaira bildu eta Korrikaren festaz gozatzera gonbidatzen dute lasterketaren arduradunek. 'Madrilgo Unibertsitatean eta Hizkuntz Eskola Ofizialean euskera ikasten ari direnak ere parte hartzera gonbidatu ditugu', gehitzen du Fernandezek. Bazkarirako sarreren prezioa 17 euro nagusientzat eta 12 haurrentzat izango da. Sarrerak salgai daude jada Euskal Etxearen egoitzan.


Lotura interesgarriak

Madrilgo Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Madrilgo Euskal Etxeak Zuzendaritza Batzordea berritu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 10ean

Madrilgo Euskal Etxeko lagunak Hiru Erregeekin
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia