euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxeak euskarazko poemak irakurri zituen Lauaxeta omentzeko bere heriotzaren 70. urtemugan

2007/06/23

Ane Bastida euskara irakaslea Lauaxetaren omenezko poesi irakurtaldian (argazkia Joaquín Ortiz)
Ane Bastida euskara irakaslea Lauaxetaren omenezko poesi irakurtaldian (argazkia Joaquín Ortiz)

PUBLIZITATEA

Aurten Estepan Urkiaga, Lauaxeta, poeta mungiarra 36ko gudan fusilatu zuteneko 70. urteurrena betetzen da eta Madrileko Euskal Etxeak omenaldia egin nahi izan zion, izan ere poesia irakurraldi batekin. Ekitaldia euskara hutsean gauzatu zen eta Lauaxetaren poesiak Alfredo Vicent gitarrajolearen musikaren laguntasuna izan zuten, Jorge Etxague antolatzaileak BasqueHeritage.com-i azaldu dionez. Ane Bastida euskara irakasleak irakurri zituen olerkiak eta Jorge Etxague berak Lauaxetaren bizitza eta lanari buruzko mintzaldia eskaini zuen.
Joan den ekainaren 14an, Estepan Urkiaga Lauaxetaren heriotzaren 70. urteurrena zela eta, olerkari mungiarra omendua izan zen Madrilgo Euskal Etxean. 1937ko ekainean militar matxinatuek Lauaxeta fusilatu zuten Gernika aldean preso hartu ondoren. Euskal Etxeak bere omenez antolatu zuen ekitaldia 'Olerkari eraildu bati: Lauaxetaren gomutaz' zuen izena.

Ekitaldiaren auzkezpena Luis Angel Vidal Euskal Etxeko idazkariak egin zuen, eta jarraian Jorge Etxaguek hitzaldi labur bat eskaini zuen Lauaxetaren bizitza eta lanari buruz. Etxague, elkarteko euskara irakasleen arduraduna, ekitaldiaren bultzatzailea izan zen. Ondoren, Ane Bastida euskara irakasleak hartu zuen hitza, poetaren azken orduak gogorarazten zuen testu bat irakurtzeko.

Jarraian poesi irakurraldia hasi zen. Alfredo Vicent maisuaren gitarra bikaina lagun, Lauaxetaren olerkiak errezitatu zituen Jorge Etxaguek. Besteak beste, 'Azken oyua', 'Mendigoxaliarena', 'Bertso zarrak' eta 'Agur Euzkadi' izan ziren entzungai.

'Ekimen honen bidez Madrilgo Euskal Etxeak orain dela 70 urte eraildako idazlea omentzeaz gain, euskal ekimen kulturalak ere bultzatu nahi ditu', adierazi du Luis Angel Vidal, elkarteko idazkariak. 'Badakigu Lauaxetaren jaiotzaren urteurreneko ekitaldiak oraintsu izan direla', gaineratu zuen euskal etxeko euskara arduradunak, Joaquín Ortizek, 'baina bere inguruan zerbait antolatu nahi izan dugu, horrela gure bazkide eta euskaltegiko ikasleei euskarazko irakurtaldi bat eskaini ahal izateko. Aukera gutxi izan ohi da gure hirian'.

Ekitaldirako Lauaxetaren poemen liburuxkak banatu ziren entzuleen artean. Bertan poetaren lanak jatorrizko bizkaitarrez, euskara batuan eta gazteleraz bildu ziren. Egileak berak gaztelerara itzulitako poematen bere bertsioa errespetatu zen. Ekitaldian elkarteko kide ugari eta euskaltegiko ikasleak egon ziren. [Ezkerreko irudietan Alfredo Vicent kitar-jolea (goian) eta Jorge Etxague, euskara irakasleen arduraduna (argazkia Joaquín Ortíz)]


Lotura interesgarriak

Euskal Etxea de Madrid
www.euskaletxea-madrid.com

Bibliografía eta loturak Estepan Urkiaga, Lauaxetaz
Literaturaren Zubitegian


Komentarioak

  • poemak

    zeintzuk dira Lauaxetaren bi poemarik garrantzitsuenak?

    Aida, 2008/12/24 18:28

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia