euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxeak "Euskal Jaia 2017"ra deitzen du larunbatean, musika, kirolak, janaria eta animazioa Retiro Parkean

2017/10/05

Madrilgo Euskal Jaiaren kartela eta gonbidapena, hiriko Euskal Etxea antolatzaile
Madrilgo Euskal Jaiaren kartela eta gonbidapena, hiriko Euskal Etxea antolatzaile

PUBLIZITATEA

Larunbat honetan, urriaren 7an egingo du euskal etxe madrildarrak Euskal Jaia 2017, Retiro Parkeko uretan eta Behien Etxean, barneko antzokian zein kanpoko terrazan. Egitaraua erabat doanik izango da, goizeko 10:15etan arraun-lasterketa batekin hasita, bi euskal eskifaia Madrilgo beste biren kontra. Ondoren, egun osoko programa eta zenbait artisten emanaldia: Kukai, Pauline & Juliette, Madrilgo Txistulariak eta Abesbatza, eta Korrontzi... pintxoak, txakolin eta sagardoa eta jateko/edateko ona ahaztu gabe.

Madril, Espainia. Madrilgo Euskal Etxearen estatutuetan agertzen da Euskal Herriaren ezagutza madrildarren artean areagotzeko helburua, adiskidetasun harremanak sustatuz eta euskal kultura eta moduen enbaxadore izatea Espainiako hiriburuan. Asmo horiekin antolatu zuen Euskal Etxeak Retiron bertan lehenengo Euskal Jaia, 2010an, eta beste pare bat edizio arrakastatsu izan bazituen ere, azken urteotan ez da antolatu, aurten indarrak berrituta berriz ere eutsi zaion arte.

Orduan hasitako bideari jarraiki, larunbat honetan, urriaren 7an, arraun ekitaldiak eskainiko dira, musika emankizun eta kantaldiak, dantza saioak eta Euskal Herritik --Hego zein Iparraldetik-- etorritako artistak arituko dira, eta horiekin batera Madrilgo Euskal Etxeko Abesbatza eta Txistulariak ere, guztia Retiro Parkean, kanpoko terrazan eta Casa de Vacas delakoaren barne auditoriumean.

RETIROKO URMAELEAN

  • 10:15etatik 11:30etara: Yolen estropada Retiroko urmaelean (Donostiako Ur-Kirolak eta Santurtziko Itsasoko Ama, Madrilgo bi eskifaiaren aurka). Aurretik bi estropada (binaka, kalea aukeratzeko) eta azken estropada (lauen arteko lehia). Euskadi-Madril desafioa. Animazioa, Madrilgo Txistularien eskutik
  • 11:45etatik 12:00etara: Sari banaketa, tenpletean, urmaelaren ondoan

CASA DE VACAS-EN

  • 12:15etatik 13:45etara: Kukai Dantza Taldearen emanaldia. Euskal dantza garaikidea. "Soka" koreografia. Musika eta dantza kanpoko agertokian eta terrazan 
  • 17:45etatik 18:45etara: Madrilgo Euskal Orfeoi edo Abesbatzaren emanaldia, barneko antzokian
  • 19:00etatik 20:00etara: Iparraldetik heldua, Pauline & Juliette bikotearen emanaldia, kanpoko agertokian
  • 20:15etatik 21:30etara: Korrontziren emanaldia. euskal folka, Euskal Etxeko dantzari taldea partaide. Musika eta dantza kanpoko agertokian

Emakizun guztiak urritik izango dira eta publiko orokorrari zabalik. Bertarateko gonbidapena euskaldunei, euskal kultura maite dutenei oro har, baina partikularzki Madrilgo publikoari zuzentzen zaio, "jendeari, gure auzokoei, hiri honetako biztanleei; denboran zehar abegikortasunez hartu gaituzten herritarrei", esaten digu Euskal Etxetik erakundeko lehendakariorde Julio Elejaldek.

Ikus hemen egitaraua osorik



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia