Madril, Espainia. Madrilgo euskal komunitateak sortu berria du "Vasco ilustre en Madrid" saria hiriburu espainiarrean eta bere lehenengo edizioan Luis de Lezama apaiz eta negozio-gizon arabarrari eman dio. Pertsona oso ezaguna da Lezama Madrilen eta oro har estatuko ostatuen negozioan eta baita Estatu Batuak edo Mexiko bezalako herrialdeetan ere bere kezka sozial eta jatetxeengatik. Saria Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (RSBAP, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País) Madrilgo Ordezkaritzak —Delegación en Corte du izena ordezkaritzak— sortu du "jendaurrean goratu edo omentzeko Madrilen bizi edo egoitza duen euskal jatorri edo loturako pertsona edo elkarte baten ibilbide eta merezimendua". Hauek bere oinarriak.
Saridunak diploma bat eta XVIII. mendeko Salvador Carmona grabatzailearen kristalezko estatuatxo baten erreprodukzioa jasoko du, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lelo historikoa den "Irurac bat" esaldiarekin, eta ostegun honetan emango zaio hiriko Euskal Etxean 19:30etan egingo den ekitaldian. Parte hartuko dute bertan, musika arloan, Euskal Etxeko Euskal Abesbatzak eta, solasei dagokienez, EEko lehendakari Román Zurutuzak, RSBAPeko Madrilgo ordezkari Francisco Javier Olaciregui-k, saria hezurmamitu duen Javier Aramendiak eta Luis de Lezamak berak. Saioa RSBAPeko zuzendari den Amelia Baldeonek itxiko du eta ondoren afari bati ekingo zaio EEko Sagardi jatetxean.
Luis de Lezama Barañano (Amurrio, 1936), askorentzat 'Lezama apaiza' abadea, enpresaria, ostatu-gizona, idazle eta kazetaria da, La Tarberna del Alabadero jatetxeen fundatzailea Madrilen, Sevillan, Marbella, Washington hirian... eta baita beste hainbat jatetxerena, ostalaritza eskolena eta Lezama Taldearena, 22 jatetxe eta ostatu bildurik. Honen guztiaren sorreran gazte baztertuei lanbide hezkuntza eta lan arloan sarbidea emateko ideia egon zen. Hau dio berari buruz gaztelaniazko Wikipediak.