euskal diaspora eta kultura
2012/05/25
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. Kopako finalaren inguruko zirrara ikusgai da jada Madrilgo kaleetan, Espainiako hiriburura etorri diren eta gau egunean zehar iristen joango diren milaka Athletic eta Barça zaleei esker. Hiriburuan, bertan bizi diren athleticzaleek harrera beroa egin diete Euskal Herritik eta nonahitik ailegatutako euskal taldearen zaleei eta Madrilgo Euskal Etxeak ekitaldi bereziak antolatu ditu eguna ospatzeko. Elkartearen egoitzan partida segitu ahal izango da eta, aurrekoetan bezala, euskal etxeko areto nagusia jendez lepo egotea espero dute antolatzaileek.
Euskal Etxera bilduko dira, besteak beste, sarrerarik lortu ezin izan duten bederatzi "peña" madrildarretako kideak. Batzuk behintzat, lekuak ez baitu emango. Hiriko aitzindaria Iribar Peña da, 1971ean sortua. 1977an talde honetatik sortu zen bigarren bat, Peña Madrileña izenekoa. Eta hiriburuko beste bat Euskal Etxearen barruan dagoen taldea da, Peña Euskal Etxea izenekoa. 1998an sortu zen, taldearen mendeurrenarekin batera, eta Jose Luis Gómez Muniain du presidente. Horiek guztiak eta beste asko, Jovellanos 3-ko euskal elkarte barru eta kanpoan ibiliko dira gaur.
Bartzelonan, porra
Bereziki Bartzelonan gaurkoa egun berezia izango da eta bertako bertako Euskal Etxean athleticzaleak zein bartzelonazaleak bilduko dira. Horrez gain, eta bi zalegoen arteko lehiari are bizitasun gehiago emateko, Euskal Etxea internet bidezko porra bat ari da egiten.
Nahi duenak parte har dezake porran. Horretarako Euskal Etxearen blog-eko iruzkinetan emaitza utzi behar da eta ondoren, barrabarra.eu webgunean euro bat ordaindu. Emaitza asmatzen dutenek elkarteko Txokoan afaria irabaziko dute.
Toqueroren baratzetik
Murtzian, Euskal Etxeak afaria egingo du finala ikusteko, Europa League txapelketako atsekabea ahazteko esperoan. Menua oraingoan ere zurigorria izango da, honako izen bitxiak daukaten gutiziekin: "Koikili natxoak Amorebietaren amatxuaren saltsarekin; Toqueroren baratzeko txanpi entsalada Nerbioiko gulekin; Llorenteren masailak, eta postrea, kafea eta edariak".
Valladolid-en, Gure Txoko elkarteko kideek ere afaria egingo dute eta giroa berotzeko, Bucaresteko partida kari egin zuten jaiaren argazki hau bidali digute:
[Pozik zeuden Valladolideko Gure Txokoko kideak Europa Leagueko finala dela eta egin zuten afarian, nahiz eta emaitzak eguna zapuztu zuen. Oraingoan ere bilduko dira, taldeari animoak emateko prest. Oraingoan bai!, da leloa (argazkia ValladolidEE)]
Argentina, Venezuela...
Euskal Herritik eta Madrildik ehundaka eta milaka kilometrora ere izango dira makina bat Diasporako atheticzale taldea animatzen (tartean Rosario, Bielsa trebatzailearen sorterrian, bertako Zazpirak Bat euskal etxean, ikus hemen Deiak gaur dakarren Enrique Otañoren artikulua). Shanghaitik Paris eta Londreseraino, Mexiko Hiritik Caracas, Montevideo eta Erromaraino, hamaika izango dira zaleen bilgarri bilakatuko diren euskal etxe, etxe partikular, taberna eta bateko eta besteko biltokiak. Buenos Airesen, esaterako, Laurak Bat elkartean (Av. Belgrano 1144) pantaila erraldoian ikusi ahal izango da partida eta euskal etxeak bertara hurreratu nahi duen ororentzat irekiko ditu ateak [ez ahaztu gaur bestela ere jai-egun nazionala dutela Argentinan, Maiatzaren 25a, eta bazkaria antolatu dute Laurak Bat-en, ondoren, bostetan, ordu argentinarrean, partida segitzeko].
Venezuelan, besteak beste Caracasko Eusko Etxean ikusi ahal izango da finala. Elkarteko kideek Athleticen --eta euskal talde guztien-- denboraldia sutsuki jarraitu dute eta ez dute honetan ere kale egingo. Australian, ordu aldea tarteko, Sydneyko Gure Txoko euskal etxeko kideak goiz esnatuko dira partida ikusi ahal izateko eta Txileko Santiagon Euzko Etxea-ko Donosti jatetxean bazkari berezia egingo da taldeari sostengua adierazteko. Baina gauza beretsua gertatuko da beste hamaika lekutan ere, Mexikon, Miamin, New Yorken, Habanan... Oraingoan bai!
[Athletic-en ereserkiaren ska bertsioa, Novatoren eskutik]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus