euskal diaspora eta kultura
2011/02/11
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. "Salvemos el Frontón Beti-Jai de Madrid" plataformako kideak pozik agertu dira egunotan, Madrilgo Komunitateak kultura-ondasun izaera aitortu baitio frontoi madrildarrari. Deklarazioa Madrileko Komunitatearen Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dute (testu osoa hemen) eta aitorpen honi esker frontoiak eraisteari izkin egingo dio. Momentuz.
Beti-Jai 1896an diseinatu zuen Joaquin Rucoba arkitektuak (Bilboko Arriaga antzokia ere berak diseinatu zuen). Munduan geratzen den neomudejar estiloko frontoi bakarra da eta kultura-ondasun aitortu zuten 1977an eta 1991an jada. Alta, Chamberi auzoko Marques de Riscal kalean dago eraikin hau, Madril erdigunean alegia, eta 2006az geroztik eraitsi eta bere lekuan hainbat edifizio berri egiteko proiektuak sortu dira. Orduan ere, pilotazale, arkitektu, historialari eta herritar talde batek dekatalogatze eskabideak gelditzea lortu zuen.
[Plataformaren kanpaina bateko afitxa]
2008an herritarrek osaturiko "Salvemos el Frontón Beti-Jai de Madrid" plataformak hartu zuen borrokaren lekukoa eta harrez gero oso aktiboa izan da, hainbat kanpaina sustatuz: sinadura bilketa sarean, kontzientzia-hartze jardunaldiak auzoan, salaketak komunikabideetan... Taldearen aldarrikapena, eraistea ekiditea ez ezik, frontoia errekuperatzea eta herritarrentzako kultur eta kirol gune bezala erabiltzea da.
Asmo hauei dagokienez, kultura-ondasun aitorpena lehen pausoa baino ez da, plataformako bozeramaile Igor Gonzalez Martinek azaldu duenez: "hauxe da jabeei edo administrazioari zaharberritze lanetan hastea exijitzeko unea".
Lotura interesgarriak
-Webgunea: http://frontonbetijaimadrid.org
-Blog-a: http://betijai.blogspot.com
-Emaila: betijaimadrid@gmail.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus