euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Beti-Jai salbatzeko ekimeneko kideak baikor, Madrilgo Ondare Historiko zuzendariarekin bildu ostean

2009/06/16

Beti-Jai frontoiren egungo egoera (argazkia Igor G.M.)
Beti-Jai frontoiren egungo egoera (argazkia Igor G.M.)

PUBLIZITATEA

Beti-Jai frontoi madrildarra salbatzeko herri ekimenak bilera izan du Madrilgo Komunitateko Ondare Historikoaren zuzendari Jose Luis Martínez-Almeida Navascuésekin. Hitzorduan, Plataformakoek Madrilgo UNESCOko ordezkari baten laguntza izan zuten. Baikor atera dira bertatik Madrilgo frontoi historiko hau babestu eta berreskuratu nahi dutenak, 'Martínez-Almeidak harrera ona egin baitie Beti-Jai berreskuratzeko proposamenei'. Ondare Historikoaren zuzendariak oroitarazi du, babestutako eraikuntzaren estatus administratiboa duela frontoiak eta, beraz, ezin dela bota.

Madril, Espainia. Beti-Jai salbatzeko ekimen herritarra pozik agertu da aurrera daraman ekitaldian azken astean eman diren pausoekin. Orain hilabete batzuk martxan jarri zuten sarean sinadurak biltzeko kanpainak, 4000 lortu ditu dagoeneko, eta iragan aste honetan Madrilgo Ondare Historikoaren zuzendaria den Jose Luis Martínez-Almeidarekin bildu dira.

Frontoia 1893. urtean diseinatu zuen Joaquin Rucoba arkitektoak eta munduan dagoen neomudejar estiloko frontoi bakarra da. Berezitasun arkitektoniko hau dela eta, 'Kultura Ondasun' izendatua izan zen 1977 eta 1991. urteetan eta hori dela eta hain zuzen ere Martínez-Almeidak oroitarazi du ezin dela bota, ezin dela bertan bestelako eraikuntzarik egin eta ezin dela bere balore historikoa kaltetu dezakeen aldaketarik ere ez. Plataformak azaldu dio, bere aldetik, frontoia auzoko bizilagunentzat nahi dutela, kirol eta kultur gune bezala, eta euren esanetan, proposamena ona iruditu zaio Martínez-Almeidari.

Espekulazio arriskutik atera eta herri erabilera ematea

Zuzendariaren esanetan, oraintxe frontoian egiten ari diren lanak bere departamentutik eskatu zaizkio jabeari erikuntzaren egoera okerragora joan ez dadin. Gaineratu du bertan bestelako lan batzuk egiteko baimenak eskatu zirela bere momentuan eta hauek ez zirela baimendu, eraikuntzaren egitura ezin daitekeelako inolaz aldatu. Hala ere, esan du, Ondare Historikotik gertutik jarraituko dituztela frontoiaren inguruan eta bertan egiten diren lanak, arazorik sor ez dadin.

Herri mugimenduko kideak, euren aldetik, pozik azaldu dira batzarrean entzundakoarekin, arkitekturaren harribitxi hau berriz ere martxan ikus daitekeelakoan. Beti-Jai salbatzeko Plataformak, frontoia espekulazio arriskuan ikusten zuen hirian duen kokapen estrategikoa dela eta. Ez da ahaztu behar, Beti-Jai Castellana pasealekutik 50 metrora dagoela. Hala ere, oraindik ikusteke daude Madrilgo Komunitateak zein Udaletxeak Beti-Jai frontoiarekiko hartuko dituzten neurriak. Beti-Jai salbatu nahi duen ekimen hiritarrak beha segituko duela adierazi du.

-Plataformaren webgunea: www.betijai.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia