euskal diaspora eta kultura
2011/10/28
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. Complutense Unibertsitateko euskara ikastaroen arduradunek EuskalKonplu kultur jaialdiaren bosgarren edizioa antolatu zuten iragan urriaren 10etik 25era. Karlos Cid Abasolo euskara irakaslea da unibertsitate honetan eta bera izan da ekitaldiaren antolatzaileetako bat, Etxepare Institutua lagun. Zinea eta Literatura izan dira aurtengo edizioaren ardatza, programak zenbait euskal zuzendari eta idazle ekarri dituela unibertsitatera: Montxo Armendariz, Jabier Elortegi, Xabier Elorriaga eta Arantxa Urretabizkaia.
Jaialdiaren balioespen oso baikorra egin du Cid Abasolok, EuskalKultura.com-ekin hizketan, eta jendearen erantzun ona azpimarratu du. Montxo Armendarizen "Obaba" filma ikustera eta ondoren egin zen hitzaldira, adibidez, berrehun bat lagun bertaratu ziren. "Ekitaldia Universidad Complutenseko Filologia Fakultateko Paraninfo erraldoian izan zenez, jende asko etorri ahal izan zen. Gehien bat, Kazetaritzako ikasleak", dio Cid Abasolok.
Beste ekitaldietara, adibidez Jabier Elortegi zuzendariaren hitzaldira ("Zorion perfektua filma zuen hizpide), lagun gutxiago bildu ziren. "Elortegirena ikasgela batean egin zenez, Complutensen euskal kultura eta euskara irakasgai dituzten ikasleak baino ezin izan ziren etorri, hogeita bost inguru", azaldu digu Cid Abasolok.
[Jabier Elortegi zuzendariak eman zuen solasaldiaren une bat (argazkia EuskalKonplu)]
Euskara dotorean
Arantxa Urretabizkaiak eta Xabier Elorriagak "Zergatik panpox" filmaren inguruan eman zuten mintzaldira berrogei bat ikasle bildu ziren. Ekitaldi hau Institutu Homeopatikoan izan zen eta aretoa handiagoa zenez, "Complutenseko eta Espacio de las Lenguas Ibéricas-eko ikasleak etorri ahal izan ziren. Ikasleren batek bere ama eta guzti ekarri zuen. Eta ama horrek, jakinminez, Arantxa Urretabizkaiari galdetu zion non eros daitekeen Madrilen Zergatik, Panpox eleberriaren gaztelaniazko itzulpena", kontatu du Karlosek.
Ekitaldi honetan, gainera, Complutensen euskal kultura ikasten duten hiru ikaslek Urretabizkaiaren Saturno, Koaderno gorria eta Hiru Mariak eleberrien pasarte bana irakurri zuten… euskaraz tutik jakin gabe!
Bye, bye, Euskalkonplu!
Cid Abasoloren esanetan, "hizlari guztiak bat etorri ziren ikusleen partaidetza goraipatzerakoan: hitzaldi guztien ostean ikasleek galdera ugari egin zizkieten hizpide ziren liburu eta filmez. Eta ikusleek eskertu zituzten hizlarien gertutasun, apaltasun eta jakituria. Izan ere, gutxitan izango dute euskal literaturaz eta zineaz idazle eta zinegileekin non eta Madrilen hitz egiteko halako hain aukera bikaina".
[Montxo Armendariz eta Karlos Cid Abasolo "Obaba" filmearen ostean egin zen mintzaldian (argazkia EuskalKonplu)]
Jaialdiak emaitza ederra izan bazuen ere, hau izango da azkenengo EuskalKonplu, baieztu du Cid Abasolok: "Izan ere, aurrerantzean, ekitaldi guztiak Madrilgo Institutu Homeopatikoan izango dira, Espacio de las Lenguas Ibéricas delakoaren arrimuan. Etxepare Institutuak parte hartzen du ekimen horretan, katalan, galego eta portugaldarrekin batera.
".-Madrilgo Unibertsitateetan ematen diren euskara ikastaroei buruzko informazio gehiago Facebook-eko orri honetan
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus