euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrileko euskara ikasle eta irakasleek Euskararen Eguneko ospakizuna aurreratu egin zuten bertso-afari batekin

2008/12/01

Unai Gaztelumendi añorgatarra eta Julen Zelaieta beratarra afarian
Unai Gaztelumendi añorgatarra eta Julen Zelaieta beratarra afarian

PUBLIZITATEA

Asteazken honetan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, baina Madrilen euskara ikasten ari diren ikasle eta irakasle talde batek aurrea hartu eta joan den azaroaren 29an bertan ospatzea erabaki zuten, bertsoafari bat eginez. Jaira Julen Zelaieta bertsolari beratarra eta Añorgako Unai Gaztelumendi gonbidatu zituzten eta giro ederrean euskara praktikatu eta hizkuntzaren mila errima eta hitz-jokoekin gozatzeko aukera izan zuten ikasleek, bertsolarien saioari esker.
Madril, Espainia. Jaia anaitasun-afari eder batekin hasi zen; han euskara-eskolak ematen diren Madrilgo hainbat zentrotako euskara ikasleak nahiz irakasleak bildu ziren, baita hirian bizi diren hainbat euskaltzale ere, bertso-afariaren antolakuntza pribatua izan bazen ere ekitaldiaren arduradunak deia hainbat eta jende gehienengana helarazten saiatu ziren-eta. Guztira, 30 bat lagun. Ondoren, Zelaieta eta Gaztelumendik afalondoan jardun zuten: giroa poliki-poliki berotuz joan zen barre eta txaloek laguntzen zietela, saioan gatza eta piperra, umore fina eta zirikadaren bat ez baitziren falta izan. Jorratutako gaiak askotarikoak izan ziren, baina nabarmenenak tokiari berari lotutakoak izan ziren, Madrilen bertsofari bat egitea ez da-eta eguneroko gauza.

Jorge Etxague Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara irakaslea eta antolatzailetako batek adierazi zuenez, “halako ekimenak oso garrantzitsuak dira Diasporan gabiltzan euskaldunontzat; gainera, Euskal Herrian ohikoa dena hemen, berriz, guztiz ez-ohikoa da, eta horrek konplizidade giro eder-ederra sortzen du”. Horrez gain, berez abenduaren 3an ospatzekoa den Euskararen Egunaren kariora, “gure ikasleek euskara ondo pasatzeko, gozatzeko ere badela ikusi ahal izan dute, ez ikasgai hutsa, edo halako titulu bat lortzeko bakarrik balio duen zerbait”. Eskerrik beroenak ere eman zizkien bertsolari gazteei, “bai guri laguntzeagatik, bai erakutsi duten mailagatik”.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia