euskal diaspora eta kultura
2009/03/16
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. Bigarren aldiz Madrileko Euskal Etxeak bat egingo du Korrikarekin, 'Korrika Madrilen ere!' leloarekin. AEK-k bi urtetan behin antolatzen duen lasterketa Euskal Herrian zehar ibiliko da martxoaren 26tik apirilaren 5a bitartean, baina munduko beste bazterretara ere helduko da, ekimenean parte hartu eta lasterketa txikiak antolatzea erabaki duten euskal etxeei esker.
Madrilen 2007an egin zen lehen aldiz Korrikaren jai hau, eta oso arrakastatsua izan zen. Ekitaldian elkarteko kide askok parte hartu zuten, txikietatik hasi eta korrikalari nagusi baina prestu batzuetaraino. Gainera, lasterketak irudi bitxi eta gogoangarriak utzi zituen, adibidez korrikalariak Madrileko Diputatuen Kongresuko lehoi ezagunen aurretik pasatzen, 'Lehoiak ere Korrikaren alde!' leloa oihukatuz.
Madrileko Korrika honetako ekitaldiak martxoaren 25ean, asteazkenean, hasiko dira: Euskal Etxean aurtengo edizioaren aurkezpen bideoaren emanaldia egingo da, 20:00tan. Sarrera libre. Hurrengo egunean, martxoaren 26ean, Julio Medem zuzendariaren 'Behiak' filmea izango da ikusgai. 20:00tan hasiko da emanaldia eta ondoren filmari buruzko eztabaida egingo da.
Kalean giro
Egun nagusia, hala ere, larunbata izango da, martxoaren 28a. Eguerdiko 12:00tan korrikalariak Euskal Etxetik atera eta honako ibilbidea egingo dute: Zorrilla, Cedaceros, Alcala, Paseo del Prado, Carrera de San Jeronimo, Cedaceros eta Zorrilla, Euskal Etxean bukatuz. Gogoratu beharra dago Korrika ez dela abiadura lasterketa bat, eta parte hartzaileek astiro-astiro korrika egin edo oinez ere joan daitezke, garrantzitsuena euskararen alde egitea eta disfrutatzea da.
12:45tan trikitilari eta txalapartariek ongi etorria egingo diete korrikalariei Zarzuela antzoki ezagunaren plazan (Euskal Etxearen pare-parean) eta euskal etxeko dantza taldeak erakustaldia eskainiko du. Ikusleek zein korrikalariek --indarrra dutenek, behintzat-- parte hartu ahal izango dute dantza hauetan, erakustaldi irekia izango baita. Ekitaldiari bukaera emanez, Korrika 16ko antolatzaileen adierazpena irakurriko da, euskaraz eta gazteleraz. Eguna bikain bukatzeko, bazkaria egingo da Euskal Etxean.
Korrikarekin Gasteizera
Baina ez da hemen bukatuko madrildarrek aurten Korrikari egingo dioten ekarpena. Izan ere apirilaren 3tik 5era euskal etxeko talde bat Gasteizera joango da, bertan bukatzen den Korrika ofizialaren azken kilometroetan eta itxiera ekitaldian parte hartzeko. Txangoa elkarteko euskaltegiko euskara irakasleek antolatu dute eta 25 lagunentzako ostatua hartu dute Zeberio herriko nekazalturismo batean. Parte hartu nahi izanez gero, deitu Ane Bastidari edo beste irakasleei Euskal Etxeko 91-5314593 telefonora.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus