euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilek, Biarritzek eta Iruñea Sarasateren jaioterriak musikaria omenduko haren heriotzaren mendeurrenean

2008/03/04

Irudian, Pablo Sarasate biolinjole iruindarra
Irudian, Pablo Sarasate biolinjole iruindarra

PUBLIZITATEA

Pablo Sarasateren (Iruñea 1844-Biarritze 1908) heriotzaren mendeurrena dela-eta, Madril, Biarritze eta Iruñeko hiriek euskal musikaria omentzeko hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte 2008rako. Urte osoan zehar kontzertuak, erakusketak, artistaren bizitzako liburuen edizioak eta Iruñea sorterria eta artistaren bizitzari buruz Panasonic Japon enpresak egindako DVDa aurkeztuko dituzte. Web orrialde batek artistaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu diren ekintzen informazioa emango du, bere biografia eta diskografiarekin batera.
Hainbat kultur ekitaldik omenduko dute aurten Pablo Sarasate Iruñeko musikaria. Programako egunik garrantzitsuena irailaren 20a izango da, musikagilearen heriotzaren mendeurrena ospatzen den eguna hain zuzen. Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua oroitzapenezko ekintzak antolatzeaz arduratuko dira, baina Madril eta Miarritzek ere --artista Lapurdiko hiriburuan hil zen-- omenaldian parte hartuko dute.

Nafarroako Gobernuko web orrialdeak Pablo Sarasate bibolinjolearen heriotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu diren ekintzen berri ematen duen txokoa sortu du. Artistaren biografia osoa eta 1862tik 1908ra bitartean bildutako 54 obrako katalogoa eskaintzen du webguneak. Aldi berean, iruindarraren diskografia eta bibliografia azter daiteke. Bildutako informazio guztiarekin zerbitzuaren sortzaileek Sarasateren irudia hobeto ezagutu nahi duten pertsonei informazio sakona eta zehatza ematea dute helburu.

Sanferminetan omenaldia

Omenaldirako antolatu diren ekintzen artean, Ruperto Chapik Sarasateri eskainitako La Bruja zarzuela dago. Valentziako Palau de les Arts produkzioak eskainiko du obra apirilaren 25 eta 26an Baluarte Auditorioan. Iruñeko sanferminetan Nuestro amigo y paisano Pablo Sarasate liburua banatuko da erakunde akademiko eta artistikoen artean. Lana Alberto Huarte Myersek egin du eta 1902tik 1908ra bitartean artistak Nafarroako hiriburuko bizilagunei bidali zizkien bere eskuko notak biltzen ditu.

Ekainetik irailera bitartean, Iruñeko zenbait gunetan nafar artistek sortu eta diseinatu dituzten 20 bibolin erraldoi ipiniko dira. Gainera, Udalak bibolinjolearen bitxiak, altzariak, eskutitzak, argazkiak, instrumentuak eta partiturak gordetzen dituen Sarasate Museoaren hobekuntza egingo du. Nafar hiriburutik kanpo ere artista omentzeko ekitaldiak egingo dira. Irailean La Pamplonesa musika bandak eta Yuki Manuela Janke biolinjoleak Zaragozako Exporen itxieran Bizet-Sarasateren Carmen operaren Fantasia interpretatuko dute bibolin eta musika bandarako bertsioan.

[Nafarroako Gobernuko webgunean aurki daitekeen Pablo Sarasateren irudietako bat]

Nafar artistari eskainitako lanak

Erakusketa eta kontzertuekin batera Iruñeko artistari eskainitako zenbait lan editatuko dira, hala nola, 1882an Erroman bizi ziren zenbait espainiar artistek eskaini zioten albuma eta hainbat musikari euren jaioterriarekin erlazionatzen duten El violín de Sarasate (Los Paisajes Musicales bildumaren barnean) disko-liburua. Irailean Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta nazioarteko zenbait biolinjolek Sarasatek biolin eta orkestrarako konposatu zuen lanaren grabazioan parte hartuko dute.


Lotura interesgarriak

Pablo Sarasateri buruzko informazio gehiago
www.cfnavarra.es/centenariosarasate

Pablo Sarasateren biografia
Argia.com webgunean

Sarasate musikariaren biografiagileari elkarrizketa Berrian
2004ko martxoaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia