euskal diaspora eta kultura
2009/07/28
PUBLIZITATEA
Elizondo, Nafarroa. Euskara ikastea da Euskal Etxeetako kide askoren helburua eta horretarako ikasturtean zehar gogor aritzen dira hizkuntza ikasteko antolatzen diren ikastaroetan lanean. Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetan, munduko beste zenbaitetan bezala, urtero euskara ikasteko aukera izaten da eta udararekin batera, ikastaroak amaitzen direnez, bi elkarteok lankide eta HABE erakundearen laguntzaz, barnetegia antolatzen dute. Aurten uztailaren 18tik 26ra izan da, Nafarroako Baztanen, Elizondon.
Euskal Herrian egiten duten egonaldi honen helburua, ikasleei 24 orduz euskaraz aritzeko aukera ematea da aldi berean, euskal kultura eta bere baitango eguneroko bizitza gertutik ezagut dezaten. Barnetegian 23 ikasle eta bi irakasle aritu dira. Goizetan klaseak egin dituzte herriko AEKren egoitzan, lau ordu ingurukoak, Bartzelona eta Madrilgo irakasleekin. Arratsaldetan berriz, ekitaldi kulturalak eta ludikoak izan dira nagusi. Besteak beste, Donibane Garazira, Bertiz, Santxotena parke museora eta Zugarramurdira egin dituzte bisitak. Jai giroan murgiltzeko aukera ere izan dute Madril eta Bartzelonako euskaldun berriek, izan ere, 'Baztandarren Biltzarra' eta Elizondoko festak bertatik bertara bizitu baitituzte.
Barnetegiak iraun dituen zortzi egun hauetan, euskara asko landu dute ikasleek, baina Aitor Arruti Bartzelonako Euskal Etxeko presidentearen esanetan, garrantzitsuena, 'liburu eta klaseez aparte, euskara bizirik duen eta bere eguneroko bizitzan 24 orduz erabiltzen duen euskal mundu eta kulturarekiko harreman berri bat sortzen dutela da'.
Ikastaro trinkoak Bartzelonan
Barnetegia bukatu eta dagoeneko Bartzelonako Euskal Etxean euskara ikasten jarraitzeko ikastaro trinko bat antolatu dute. Abuztuaren 31ean hasita, ikastaro trinkoen bigarren saio bat izango da Euskal Etxean. Hain zuzen ere, abuztuaren 31atik irailaren 10era bitartean egingo da, astelehenetik ostegunera, guztira, 16 ordu, ikasturte berrian euskara eskolatara izena eman nahi duten ikasleei begira antolatua, Aitor Arrutik adierazi duenez. Izena emateko aukera zabalik dago Euskal Etxean.
Lotura interesgarriak
Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org
Madrilgo Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com
Euskaraz ikasteko barnetegi homologatua ba al da Madrilen?
ITZIAR, 2011/05/12 10:07
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus