euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Macachingo M. Alazne Iruretagoyena, EuskalKultura.com-ekin bildu da Euskal Herrira egin berria duen bidaian

2007/08/28

Miren Alazne Iruretagoiena Zarautzen, duela gutxi Euskal Herrira egina duen bisitaren baitan
Miren Alazne Iruretagoiena Zarautzen, duela gutxi Euskal Herrira egina duen bisitaren baitan

PUBLIZITATEA

Jaiotzez zarauztarra, badira ia 56 urte Miren Alazne Iruretagoiena Argentinara heldu zela eta hortxe, Macachin-en, bere egin zuen Panpako herrian, euskal komunitateari lotu eta bertako zutabe bilakatu da, bere lana eta euskal kezka hurrengo belaunaldiei hedatuz. Miren Alaznek lanean dihardu gaur egun ere Macachingo Eusko Alkartasuna Euskal Etxearen barnean eta, internet lagun, harremanetan beste euskaldun askorekin, Argentinan eta mundu zabalean. EuskalKultura.com-en irakurle zintzoa, uda (europar) honetan Zarautzera heldu zelarik, egunero bere ordenadorean hartzen dituen e-mailak bidaltzen dizkiotenetako batzuei arpegia jarri nahi izan die, eta gure zuzendaria, Joseba Etxarri, kostaldeko herri gipuzkoar horretara hurbilarazi zuen.

'Zangoek ez dute ohi zuten moldean laguntzen, eta Miren Alaznek geu Zarautzera joan gintezkeen galdegin zigun, eta geuk gustuan jakina erantzun'. Honelaxe azaltzen digu Joseba Etxarrik Miren Alazne Iruretagoienari bere sorterrira egindako bisita. Zarautz sorterrira etorria da hura uda europar honetan, Argentinan negu gordin eta bereziki hotza jasaten ari ziren bitartean. Etorri ere, jaioterria eta familia agurtzera eta, aldi berean, Osakidetzan --Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskal Osasun Zerbitzuan-- begietako ebakuntza batzuk egitera.

 

'Bisita polita Miren Alazneri Zarautzen luzatu geniona', segitzen du kontatzen Etxarrik. 'Urte batzuk badira e-mail bidez harremanetan ari ginela eta bera, gainera, aspaldidanik da EuskalKultura.com-eko harpidedun. Beraz, elkar aurrez-aurre ezagutzen ez bagenuen ere, lagun eta konplize ere bilakatu gara sarearen bidez. Uda hasieran Euskal Herrira bidaiatuko zela esan zuenean, datetan bat etortzen baginen bederen elkar ikusiko genuela esan genuen, eta honela egin dugu. Horregatik bildu gara', agertzen du.

 

Aita Txomin Jakakortexarena

 

 

Miren Alazne buru belarri aritua da Argentinako euskal ekimenetan eta, besteak beste, hurbiletik ezagutu zuen aita Txomin Jakak

ortexarena berastegiarra, hura Argentinan ibili zen garaian. Beste zenbait obren artean Martin Fierro argentinar poema nazionala 'Mattin Burdin' euskaratu zuen apez euskaltzalearen lanetako batzuei buruz galderak zeuzkan Miren Alaznek, haren utzitako artxibotxo bat baitauka. Kezka horiek argitzeko, gure buletineko zuzendaria Mikel Atxaga kazetari eta idazlearekin hurbildu zen Zarautzera, Atxaga urnietarrak ere ongi ezagutzen baitu Jakakortexarena eta haren obra, izan ere harek idatzitako edota hari buruz idatzitako libururik ere koordinatu baitu azken urteotan.

 

Etxarrik eta Iruretagoienak izandako hitzaspertuan, bera bizi den argentinar eskualdeko euskal kultura eta euskararen egoeraz eta haien komunikabideekiko loturak hobetzeko eman beharreko pausoez aritu ziren. EuskalKultura.com egunero irakurtzen duela esan zuen Miren Alaznek eta Argentinako eta mundu zabalean gertatzen diren hainbat euskal gauzez gure buletina medio enteratzen dela aitortu zigun. Internetez segituko dugun harremanaz aparte, biak berriz ere elkar ikustekotan gelditu ziren, izan hilabete gutxi barru Macachinen, edo agian Zarautzen bertan datorren urtean.

 

 

Lotura interesgarriak

 

 

Euzko Alkartasuna, Macachín, La Pampa

www.macachin.org.ar/pagina44.htm

 

 

Muxika-Garitanotarren ondorengoen bilkura, Macachín-en

2007ko martxoaren 30ean EuskalKultura.com-en argitara emana

 

 

Liburua, Martin Fierro euskaratu zuen Txomin Jakakortexarenaz

2007ko martxoaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana

 

 

Macachingo pilotariek Panpako Kluben Kopa lortu dute

2006ko abenduaren 18an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia