euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Macachingo Gure Ametza dantza taldeak herriko ikasleak bildu ditu udaberriari ongi etorria emateko

2011/09/27

Macachingo hiru eskoletako ikasleek Gure Ametza taldeak antolatutako Olinpiadetan hartu zuten parte (argazkia EE)
Macachingo hiru eskoletako ikasleek Gure Ametza taldeak antolatutako Olinpiadetan hartu zuten parte (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Urtearen amaierara goaz eta munduko alde honetan udarantz hurbiltzen hasiak gara jadanik. Irailaren 21ean udaberriaren hasierarekin batera 'Ikaslearen Eguna' ospatzen da Argentinan, eta eskoletako neska-mutilek mota askotako ekintzak gauzatzen dituzte, piknikak, ateraldiak eta jaiak, besteak beste. Testuinguru horretan, oso erantzun ona izan dute Macachingo Gure Ametza-ko gazteek ikasleei luzatutako proposamenarekin. Euzko Alkartasuna euskal etxeko dantzariek Eskolen Arteko Olinpiadak antolatu dituzte irailaren 12tik 20ra, herriko lagunak bildu eta euskal erakundea ezagutarazteko asmoarekin. Gonbidapenak arrakasta handia izan du eta berrehundik gora parte hartzaile hurbildu ziren euskal etxearen egoitzara lehiaketetan aritzeko.

Macachin, Argentina. Oso lanpetuta ibili dira Macachingo euskaldunak azken bolada honetan eta batez ere euskal etxeko gazteak. Izan ere dantzariak berak izan dira 'Eskolen Arteko Olinpiadak' delako txapelketaren antolatzaile nagusiak. Ekitaldia joan den irailaren 12an hasi zen eta ekintza guztiak Euzko Alkartasuna hotelean egin ziren.

Macachingo hiru eskoletako ikasleek hartu zuten parte euskal etxearen proposamenean eta aukera handia izan zuten euren iaiotasuna kirol ezberdinetan erakusteko, tartean, boleibol, saskibaloi, pilota paleta, padle, futbol-tenis eta mahai-tenisean eta, euskal ekintzen artean, mus (ikasleen guraso edo aiton-amonei begira) eta sokatiran.

Udaberri Jaia Macachin-en 2011 01

[Boleibola izan da praktikatu den kiroletako bat (argazkia EE)]

“Ekitaldiaren helburua ikasleek ondo pasatzea eta kirola bultzatzea izan da. Bide batez, geure erakundea ere elkargunea izan daitekeela azpimarratu nahi izan dugu”, azaldu dio euskal etxeko kide den Marigen Mujicak EuskalKultura.com-i. “Hau izan da Eskolen Arteko Olinpiaden lehenengo edizioa, baina gazteen alaitasuna eta engaiamendua ikusita, ziur gaude ez dela azkena izango”, adierazi du Mujicak.

Jaialdiarekin bukatu eta udaberriari ongi etorria emateko erromeria ospatu zen itxura berria duen Euzko Alkartasunaren egoitzan (gogora dezagun Macachingo euskaldunak zaharberritzen ari direla hotela eta España kalean dagoen horman Euskal Herriko zazpi lurraldeen armarriak eta baita Macachingo eta Gure Ametza taldearena ere margotu ziren).

Udaberri Jaia Macachin-en 2011 02

[Aste osoan zehar herriko gazteak euskal etxean bildu ziren (argazkia EE)]

“Erromerian lehiaketen sariak banatu ditugu. Esku-dirua izan da sari nagusia gazteek kurtso amaierako bidaia prestatzen ari baitira eta behar baitute. Primeran pasatu dugu festan, giro bikaina gailendu zen ordu txikiak arte. Goizeko 4:30etan itxi ditugu hoteleko ateak”, esan du euskal etxeko kideak. Bistan da Macachingo euskaldunak martxan daudela berriro eta, dudarik gabe, hau bezalako ekintzak etorkizun oparo baten seinale dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia