euskal diaspora eta kultura
2013/05/14
PUBLIZITATEA
Gral. Acha, Argentina. La Pampa probintziako Turismo Idazkaritzaren babesarekin, aurten ere zintzo bereganatu du Gral Achako euskal etxeak Txahalaren Jai herrikoia antolatzeko ardura. Festaren programak mota askotako aktibitateak batu zituen, tartean, zaldi hezkuntza eta hazleen trebetasuna neurtzen dutenak. Baina, euskaldunak antolatzaile, euskal kutsuak ezin zuen jai honetatik kanpo geratu eta Euzko Txokoa-ko lagunek gonbite berezia luzatu zieten Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko kideei euren dantzen kolore eta edertasunaz bertara zitezen.
“Gure helburua beste euskal elkarte batzuekin harremantzea da, harreman horiek Euskal Herriko kultura hobeto ezagutu eta zabaltzeko aukera emango baitigute. Maiatzaren 1ean egindako jaian Macachingo dantza taldeak inaugurazio ekitaldian aurkeztu zituen dantzak eta publikoari izugarri gustatu zitzaizkion. Hogei bat lagun etorri ziren Macachindik, Susana Garmendia lehendakaria barne. Ez genuen aldez aurretik elkar ezagutzen eta hala ere egun ederra pasatu genuen elkarrekin”, adierazi digu Osvaldo Videlak.
[41. Txahalaren Jaia, maiatzaren 1ean egin zen, Gral. Achako Jorge Segura gunean (argazkia EE)]
[Macachingo euskal etxeko Gure Ametza dantza taldeko kideek zenbait pieza eskaini zituzten Gral. Achako publikoaren begiradapean, tartean, ‘Koadrile’, ‘Arku Dantza’ eta ‘Xiberoko Maskarada’ (argazkiak P.M. Aguirre)]
Urtetan General Achako euskal elkarteak lan eraginkorra egin du herrian komunitate-baliabide eta beharretan zeuden hutsuneak betetzen, bere sorrera eragin zuten euskal kultur adierazpideak apaltzen utziz. Orain, euskal kulturara berriro hurbildu ahal izatea ezarri du Euzko Txokoa-ko Zuzendaritza Batzordeak kezka eta xede garrantzitsu. Bide horretan aurrera egiteko asmoz, bere euskal dantza talde propioa sortu nahi dute. Dantza eskolak ekainean hasiko dira Gral Achan, astean bitan, eta Nicolas Villarreal Macachingo dantzariaren eskutik.
Kiroletan ere ikurrinarekin
Eskualdeko beharrei erantzunez, bereziki kultur ekipamendu arloan, herrikoen kirolgune bihurtu da azken hamarkada hauetan Gral. Achako Euzko Txokoa Euskal Etxea. Izan ere, erdarazko ‘club’ (kirolari lotzen zaio hitz hori Argentinako gaztelaniaz) izenarekin da ezaguna erakundea herrian. Urte askotan kiroldegi horretan erakundearen bihotz eta erro euskaldunak leku apala izan zuen, apaldurik-edo. Egun, ostera, Osvaldo Videlak buru duen zuzendaritza batzordea lan handia egiten ari da egoera hori alda dadin.
Batetik, euskal etxeko aktibitateen zerrenda zabaldu egingo da --zabaltzen ari da-- euskal proposamen gehiagori bidea emanez. Bestetik, Euzko Txokoa-ko kirolariek euskal ikurrak berreskuratu eta harro eramaten dute, esaterako, ikurrina lehiaketetara.
[Silvana Modon igerilaria Master Categorian ari da. Azken txapelketan Brontzezko domina lortu zuen Euzko Txokoa ordezkatzen, eta ikurriña lagun jaso zuen (argazkiaEE) ]
Igerilekua da erakundeko ekintza gehienen gunea. Klimatizatu ondoren, gainera, kategoria anitzeko igerilari talde bat sortu zen; horrez gain, mota askotako ur kirolak burutzen dira. Igerilekutik kanpo, berriz, esku pilota eta patin klaseak ematen dira. “Klase guztiak heziketa fisikoko irakasleen ardurapean daude. Eta hurrengo erronka ahalmen bereziko umeentzako herriko eskolarekin egingo dugu”, azaldu dio Osvaldo Videla euskal etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus