Macachín, Argentina. Etxeko trinketean obrak egiten dituzten bitartean, Macachingo Euzko Alkartasunak pilotan aritzeko jardunaldia antolatu du, bi egunekoa, gaua barne. Jarduera datorren asteazken eta ostegunean, otsailaren 15 eta 16an, iegingo da Alpachiri herrian, Macachindik 36 kilometrora. Deialdia jende guztiari dago zabalik, eta Euskal Etxeko Pilota Azpibatzordeak eta bertako pilota irakasle Amilcar Cancinak koordinatzen dute.
Euzko Alkartasunako trinketearen berritze lanek behartu ditute pilotariak aldameneko Alpachirira mugitzera ohiko euren kirol jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Izan ere, frontoia eta kirolak praktikatzeko azpiegitura zabala dituen Alpachiri Kirol Elkartera jo dute. Horrekin batera “Prof. Guillermo Urrez” udal parkeko igerilekua ere baliatu ahal izango dute, eta bertaratzen direnek gaua bertako berdegunean kanpaldia eginez igarotzeko aukera izango dute.
Argentinako Pilota Txapelketa, EEko José León Chapartegui trinketean
Abuztuan Euzko Alkartasuna-ko José León Chapartegui trinketean jokatuko da Argentinako gizonezkoen lehen mailako Pilota Txapelketa eta karia horretara Macachingo Euskal Etxea hainbat berrikuntza ari da egiten, instalazioak egoera ezin egokiagoan egon daitezen. Egitura-aldaketa batzuk ari dira egiten eta egokitzapenak eraikinean, tartean sabaiak eta frontoia zaharberritzea, barne-pintura, paretak kendu eta blindex motako beirak jartzea errebotearen sektore osoan eta alboko sektorearen zati batean.
“Konponketek, gainera, ikusleentzako leku handiagoa eta hobea eskaintzea dute helburu. Solairu berriak eta zerbitzu gastronomikorako gune bat egongo dira, kirolaz gozatzen den bitartean trago bat edan edo mokadu bat jan ahal izateko. Txapelketara 250 lagun inguru bertaratzea espero dugu”, jakinarazi dio Euskalkultura.eus-i Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko idazkari Tomás Vicentek.