Macachín, Argentina. Datorren asteburua berezia izango da Macachinen. Unión Baska "Euzko Alkartasuna" Elkarteak, 1959an sortuak, 65 urte bete ditu eta ostiraletik igandera arteko hiru egunetan, ekitaldi ugarirekin ospatuko du. Horietako bat, Euskal Etxeen arteko Mus Topaketa, martxoaren 8tik, ostiraletik igande 10era arte luzatuko da. Larunbatean, martxoaren 9an, Pilota Txapelketa jokatuko dute eta biharamunean amaituko den Petanka Txapelketa ere abiatuko dute. Gauean, gimnasioan, Urteurren Afaria egingo dute, Gure Ametza bertako dantzarien emanaldi berezi batekin, taldeko lau formazioak partaide.
1959an sortua, Euzko Alkartasuna elkarte bakarra da Macachínen, eta ahalegin handia egiten du zerbitzatzen bazkide dituenei eta Macachingo herritarrei oro har
Hasiera Bahia Blancako Unión Vascak babestua izan zuen Euzko Alkartasunak eta pixkanaka haziz joan zenn joan zen, bere nortasunari eutsiz eta kirola, gastronomia eta kultura arloko zerbitzuen eskaintza zabalduz. 1966an hotela inauguratu zuen, euskal kultura eta politikako hainbat pertsona ospetsu errezibitu dituen ostatua. Euskal Etxearen historiako mugarri batzuk aipatzearren, 1990ean, Argentinan eta Diaspora osoan euskara irakatsi eta zabaltzeko etapa berri bati hasiera emango zioten lehen bi barnetegiak egin ziren bertan. 2018an Munduko Mus Txapelketa antolatu zuen. Gainera, lau alditan izan da Euskal Aste Nazionalaren antolatzaile, 1985, 1994, 2015 eta, berriki, 2022an.
Herriarentzat hazten
Gaur egun, euskal etxeetan egin ohi diren jarduerez gain —esaterako, euskara klaseak, hitzaldiak, musa, euskal dantza eta musika tailerrak—, kirola eta jolas jarduerak egiteko guneak eskaintzen ditu. Paddle eta tenis kantxak, saskibaloian eta boleibolean jokatzeko dituen gimnasioa, pilotalekua, petanka jokalekua eta pileta olinpiko bat dira Macachin herriko ehunka herritarrek erabiltzen dituzten instalazioetako batzuk. Ekitaldiak antolatzeko parrillak izateaz gain, Euskal Etxeak taberna bat, Txoko Bar, Iñaki jatetxea eta aisialdi-hipodromo parke bat ditu, azken hau herritik kilometro gutxira.
Zorionak Euzko Alkartasuna!