Macachin, Argentina. Labetik atera berria du Euzko Alkartasunako Batzorde berriak erabakia, 2022ko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren data finkatuz. Urriaren 3tik 10era izango da, astelehenetik astelehenera, ohi bezala ekintza jendetsuenak asteburuan. Azpimarratzekoa, bi urtez jarraian, 2020an eta 2021ean, pandemiak kantzelatzera behartu ostean, data hauekin ‘mendekua’ hartu nahi dutela antolatzaile eta partaideek. Argentinan urriaren 7an (ostirala) eta 10ean (astelehena) jaiegun direnez, egonaldia luzatu ahal izango dute Macachinera bertaratzen diren lagunek.
Jakina da hautatutako data inkesta bidez erabaki duela Euzko Alkartasunak eta erantzunen %56,6k egin du urri hastapeneko egun hauen alde. Aipatu dituzten arrazoiak, asteburu luze-luzea tokatzeaz gain, sasoi horretan “eguraldi hobea izan ohi dela”, “hilabete hasiera dela” eta “ez dela gainjartzen laneko edo ikasketetako beste eginbeharrekin”, emandako motibuetako batzuk aipatzearren.
Bada, zoritxarrez, antolatzaileek ahalmenetatik kanpo geratzen den feste faktore erabakior bat. Koronabirusaren oldarraldi berri baten atean gaudenez, ezin da jakin zer gertatuko den datorren urtean edota jaia, azkenean, egin ahal izango den ere. Baikortasuna lan-tresna dute, ordea, Macachinen. “Urriko datak, bestalde, beste aukera bat ematen digu; behar izanez gero, azarora atzeratu beharra badago“. “Baina beti bezala, osasuna da lehentasuna, ikusiko dugu, beraz, urtean nola doazen gauzak”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko idazkari eta bozeramale den Tomas Vicentek.