Macachin, Argentina. Bere azpiegituragatik, Macachín herriko bizitza sozialean duen zentralitateagatik, edo Hego Konoko euskal komunitatean ere duen erreferentzialtasunagatik, Unión Vasca - Euzko Alkartasuna Elkartea Argentinako euskal etxe enblematikoenetako bat da. Iaz 65 urte bete zituen, eta ederki ospatu ere, aisialdi eta kirol jarduera asteburu oso batekin. Baina ospakizuna eta zoriona erabatekoa izan zedin, zeozerren falta sumatu zuten: atzerabegirako bat, euren mugarri, erronka eta lorpenen nondiknorakoak idatzi eta liburu gisa ateratzea. Elkartearen arima eta lehendakari den Iñaki Unamunok, Zuzendaritza Batzordea eta Kultura Azpibatzordea lagun, Euskal Etxearen historia batu eta berreskuratzeko lanari ekin zion. Beste hainbatetan bezala, esatea egitea baino xinpleagoa suertatu da, baina gaur esan daiteke gogotsu bete duten erronka bat izan dela, herri osoa izan baitute lankide eta laguntzaile. Lanon emaitza den lehenengo liburua ospakizun handi baten baitan —mus txapelketa bat ere barne— apirilaren 26an aurkeztuko dute 65 Años. Asociación Unión Vasca. Nuestra Euskal Etxea desde sus inicios (65 urte. Unión Vasca Elkartea. Gure Euskal Etxea hastapenetik) izenpean, Euskal Etxean bertan.
Trilogia bat izango da. Lehen liburuak, 268 orrialdetan zehar, Euskal Etxearen sorrera eta 59 bazkide sortzaileak aipatuko ditu eta gertaeran paper garrantzitsua izan zuten familiak. Horrekin batera, elkarteak egin dituen kultura eta kirol-jardueretan partaide izan direnen, eta instalazioen eraikuntzan lan egin zutenen erregistroa jasoko du. Macachinen eta inguruko eremuetan finkatu ziren euskal immigranteen 546 familien abizenak jasoko ditu. Bigarren liburua kirol arloaren historiari eskaini zaio, eta irailean herrian bertan egingo den Munduko Mus Txapelketan baitan aurkeztuko da. Hirugarrena, elkarteak urteotan guztietan garatu duen kultur jarduerari buruzkoa, 2026an aurkeztuko da. "Zorrotz eta xeheki lan egin behar izan dugu Euskal Etxearen 65 urteko historia berreskuratzen, gaitza eta egundokoa izan da, baina makina bat auzokide eta herrikideren lankidetza izan dugu euren argazkiak eta materiala eskuzabalki ekarriz", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko batzordekide Liliana Otamendik.
Erreserbatu zeure alea
Liburua Buenos Airesko Porter Tailer Grafikoetan inprimatuko da. Lehenengo edizioak 1.000 aleko tirada izango du eta hilabete barru egongo da eskuragarri. Macachingo Euskal Etxean erosi ahal izango da, aurkezpen egunetik aurrera. Zure alea ziurtatu nahi izanez gero, erreserbatu dezakezu 30.000 peso transferituz Unión Vascak duen aurrezki-kutxara. Datuak, honako hauek: Banco de La Pampa, CBU 0930324710100026172314, ezizena: CVMACACHIN. Bidalketa, Argentinara zein atzerrira, Correo Argentino bidez egingo da. Transferentzia egiten baduzu, bidali mesedez ordainagiria eta jakinarazi WhatsApp zenbaki honetara: 2954-609624. Informazio gehiago, zenbaki bertsuan WhatsApp bidez.
Zorionak, Macachín!