Macachín, Argentina. Bost urte eta gero berriro ere izango da Macachin herri panpatarra Argentinako Euskal Astearen egoitza. Eta 2015ean gertatu legez, txukun-txukun antolatuko du jaia bertako Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak, ahalik eta jai polit eta jendetsuena helburu. Asmo horrekin, festaren data erabakitzeko aukera ere eman nahi die elkarteak gizatalde euskal-argentinarrari eta oro har parte hartu eta bertaratzeko asmoa daukatenei.
Aukerak bi dira:
- Azaroaren 6, 7 eta 8a, ohi bezala ostiral, larunbat eta igandea, edo
- Azaroaren 20, 21, 22 eta 23a, ostiraletik astelehenera, astelehen hori jai eguna baita Argentinan.
Euzko Alkartasuna-tik azaldu dute Argentinan dauden distantzia luzeekin eta bereziki urrutien dauden euskal etxe eta delegazioentzat joan-etorriak denbora gehiena hartu ohi duela, Euskal Asteko partaidetza askotan egun bakarrera mugatuta. Horregatik eskaintzen du asteburu luze batean egitea, egun bat emendatu ahal izateko egitarauari, bertaratzen direnek egiten duten ahaleginari etekin handiagoa ateratzeko. Euskal Etxeak, gainera, bere parteko ahalegina ere egingo luke, voucherra prezio onean ipinita, parte hartu nahi duten guztien partaidetza errazteko.
Inkesta bi minututan betetzen da, eta hemendik egin daiteke: Encuesta Fecha SNV 2020.
Eskerrik asko parte hartzeagatik eta inkesta zure inguruan sustatzeagatik!