Macachin, Argentina. La Plata, Junin, Laprida, Buenos Aires (Laurak Bat), Chascomus, Cañuelas, Chacabuco, Maipu, San Nicolas, Saladillo, Ayacucho eta Macachin bertako muslariak bilduko dira datorren asteburuan Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxean Argentinako Mus Txapelketa Nazionalaren 41. edizioa jokatzeko. Lehiaketako irabazleek urrian Euskal Herriko Baionan egingo den Mundu mailako Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Norgehiagoka larunbat arratsaldean hasiko da. Goizean, berriz, euskal etxeetako ordezkarien bilera egingo dute eta ondoren Euzko Alkartasunako lehendakari Iñaki Unamunoren omenezko busto bat inauguratuko du Udalak, iaz inauguratutako 'Iñaki Unamuno' izeneko pasealekuan.
Txapelketa ofizialarekin batera, laguntzaileentzako lehia ‘paraleloa’ antolatu dute macachindarrek. Lehen aipatutako euskal etxeez gain, Rauch, Santa Rosa, Bahia Blanca eta Trenque Lauquengo lagunak arituko dira. Aipatzekoa da Arantxa Anitua FEVAko lehendakaria eta Sara Pagola Euskadiko Ordezkaria ere bertaratuko direla Macachinera ekitaldiari babesa emateko.
Oso asteburu berezia izango da ddatorren hau Argentinan. Izan ere, uztailaren 8an‘zubia’ da eta 9an, Argentinako Independentzia Eguna. Uztailaren 7an, San Fermin eguna denez, bi jaiak elkarrekin ospatuko dituzte Euzko Alkartasunako kideek afari batekin. Hitzordua, igandean 21:30etan. Txartelak salgai, hemen.