Lyon, Frantzia. Lyonen bizi zara edo Lyonaldean bizi den norbait ezagutzen duzu? Badira ia hiru urte bertako jende multzo batek euskal elkarte bat sortu zuela, inguruko euskaldunak bildu eta euskal usadio eta ohidurak lantzeko, eta euskaldunen berri helarazteko eskualdeko biztanleei. Bertakoa den Txomin Bernard euskaltzalea du buru, eta euskara ere lantzen dute. Urtarrileko azken asteburuan aukera izan dugu Lyoneko Euskal Etxeko lagunekin bildu eta tarteka egiten duten hitzorduetako batean parte hartzeko.
Txominen etxea izan zen honakoan bilgunea larunbatean: plana, bildu, solastu, euskara praktikatu, musean, kantuz eta dantzan egin, eta eguna elkarrekin afalduz bururatu hiriko 'euskal' edo 'baiones' estiloko ostatu batean. Bildutakoen artean, baziren Donibane Garaziko, Bilboko, Zarauzko, Orioko, Bankako, Alemaniako eta Lyonen jaiotakoak, eta euskara karraska entzun zen. Kantatzeko momentuan, gitarra bat eta trikitixa ere azaldu ziren, eta mugikor eta kantu-liburutxoetan irakurritako hitzek poliki lagundu zuten.
Euskal Etxeko kideak topa egiten, afariaren zain, Lyoneko 'La Lúz' tapa jatetxean
Zale multzo bat astebururo elkarzen da Villeurbanneko kantxetan palan aritzeko
Lyon Handiko Villeurbane herrian, bada udal pilotaleku konplexu bat (hiru kantxa), baita pilota elkarte bat ere, eta asteburu guztietan elkartzen dira pilotari amateurrak une goxoak pasatzeko, palan gehienbat, larunbat zein igandez; eta igande eguerdia iritsitakoan, pate, xingar eta ardo sortaño bat partekatzeko. Hor badira euskal enpresa batzuen langileak edo familia Euskal Herrian duten batzuk. Euskal Etxeko lehendakari Txomin hutsik egin gabe aritzen da lagun arteko partida hauetan.
Lyon, Marseilla eta Montpellier
Txominek azaltzen digu Euskal Etxeak nahiko lukeela jende gehiago bildu eta elkartea hedatu, jendez eta aktibitatez. Datozen hilabeteetan espero dute iristea Eusko Jaurlaritzaren onarpena. 300 kilometroko radioan dauden Montpellier eta Marseillako Euskal Etxeekin batera antolatu dira gauza batzuk egiteko, eta buletin bat ere ateratzen badute amankomunean, Hiruak Bat, Txominek bera kudeatzaile. Doan jaso daiteke. Interesatuta bazaude edo artikulu honetako informazioa Lyonen bizi den norbaiti pasatzerik baduzu, eskertuko dizute.
Hona Lyon, Marseilla eta Montpellierreko hiru euskal etxe hauen kontaktubideak: Lyoneko Euskal Etxea (06 16 98 83 93, maisonbasquedelyon@gmail.com), Marseillako Euskal Etxea (06 10 49 00 82, contact@marseillako-euskaletxea.com) eta Montpellierreko Euskal Etxea (06 22 30 71 71, 34eskualdunak@gmail.com).