Marseilla, Frantzia. Lyon, Montpellier eta Marseilla bertako euskal etxeek elkarretaratzea egin dute urriaren 16an Marseillako Luminy-ko kirolguneko pilotalekuan. Larunbata zen eta eguna baliatu dute elkar hobeto ezagutu, adiskidetasuna indartu eta proiektu komunak deliberatzeko. Bertan ziren hiru euskal etxeetako lehendakariak, hurrenez hurren Fernando Zabalza, Txomin Bernard eta Francky Etchegorry, orotara hogei pertsonako ordezkari lagun talde bateko buru.
Marseillako EEko lehendakari Fernando Zabalzak prestatutako marmitako ederra partekatzen
Fernando Zabalzaren biltzeko proposamenari berehala batu zitzaizkion beste bi lehendakariak
Eguzkia eta denbora ederra lagun, lana eta egun goxoa pasatzea uztartu ahal ziren. Besteak beste pilota partidak jokatu, musean aritu ziren eta Fernardo Zabalzak egin zuen marmitako eder bat partekatzeko aukera izan zuten. Baina baita solastu eta elkarri elkarren berri emateko ere.
Eguneko mintzoen emaitza, bi proiektu. Batetik, Marseillako euskara irakasle Kristelek konfinamendutik online ematen dituen eskolak beste bi euskal etxeetara zabaltzea eskaini zuen. Eta bigarrenik, hiru euskal etxeek elkarrekin agerkari numeriko bat plazaratzea deliberatu zuten, bakoitzaren berriak islatu eta elkarren berri zuzenago eskuratzeko.