euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Luzaroan itxaron ondoren, Valparaisoko Euskal Etxeak bihar inauguratuko du egoitza berria

2011/09/20

Valparaisoko Euskal Etxearen egoitza berria (argazkia ValparaisoEE)
Valparaisoko Euskal Etxearen egoitza berria (argazkia ValparaisoEE)

PUBLIZITATEA

Valparaisoko Eusko Etxeak bihar bertan inauguratuko du ofizialki bere egoitza berria. Lehen aldiz, elkartea bera izango da eraikinaren jabe eta honek aurrerapausu handi ekarriko du, bertan era egokian burutu ahal izango baitira euskal etxearen jarduerak. Lehen, elkarteak bulego batetik zuzentzen zituen jarduera hauek, baina 2010eko lurrikarak suntsitu egin zuen ofizina hura. Orain, egoitza berriarekin aktibitatea berrekin eta jarduera gehiago egin ahal izango dituzte. Inaugurazio ekitaldian izango dira, besteak beste, Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia, eta Ana Urchuegia, Txilen eta Perun Euskadiko ordezkaria.

Valparaiso, Txile. Bostgarren Erregioa inguruko euskaldunak pozik dira egunotan, luzaroan itxaron ostean Valparaisoko Eusko Etxeak azkenean egoitza propioa izango baitu. Egoitza honetan elkarteak jarduerak burutzen eta euskal kultura txiletarren artean zabaltzen jarraitu ahal izango du. Inaugurazio ekitaldia bihar bertan egingo da, 19:00tan, egoitza berrian (Quillota 135-137 kalea, Vergara, Viña del Mar).

Ekitaldian elkarteko kideez eta Valparaisoko agintariez gain, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat izango da, Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia buru delarik. Berarekin batera bertaratuko da ere Ana Urchueguia, Jaurlaritzaren Txile eta Euskadirako ordezkaria. Jaurlaritzaren laguntza oso garrantzitsua izan da Valparaisoko euskaldunen amets hau egin bihurtu ahal izateko prozesu luzean.

Berrindartzea

Valparaisoko Eusko Etxeak 68 urte ditu jada, eta hasierako urteetan Parque Italiako etxetzar batean egon bazen ere, azken hamarkadetan egoitza egokirik ez zuen izan. Hala ere, elkarteak bizirik irautea lortu zuen, eta azken urteetan berrindartzea nabaria izan zuen, ekimen eta jarduera berri askorekin.

 Valparaiso Sede 2011

[Argazki historiko honetan, Parque Italiako egoitzaren inaugurazioa (argazkia ValparaisoEE)]

 

Azken urteotako berrindartzeak eman zituen fruituen artean honakoak aipa daitezke: 'Arrojos, dichas y nostalgias' liburua, Valparaisoko euskaldunen historiari buruzkoa; www.euskoetxea.cl webgunea; Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu, Euskara Munduan eta Laguntza Sozialen programetan parte hartzea eta Valparaisoko euskaldunei zuzenduriko ekimen kultural eta sozialen antolakuntza, besteak beste.

Lurrikara suntsitzailea

Ekimen eta jarduera guzti horiek bulego txiki batean antolatzen ziren, baina ofizina hori 2010eko otsailean Txilen izan zen lurrikara handiak hondatu zuen. Amore eman baino, Valparaisoko euskaldunek egoitza berria bilatzeari ekin zion eta, horretan ari zirela, Guillermo Echenique Idazkari Nagusiaren eta Ana Urchuegia ordezkariaren bisita jaso zuten. 

Bisita horretan euskal ordezkariek egoitza berria bilatzeko egitasmoan babesa agertu zieten Eusko Etxeko zuzendariei eta Jaurlaritzaren laguntza deialdietan proiektua aurkezteko gonbitea egin zieten. Elkartea buru belarri jarri zen lan horretan eta egoitza berrirako eraikina erosteko laguntza eskaerak baiezkoa jaso zuen euskal etxeen deialdian.  

Valparaiso Reunion Sede 2011
[Ana Urchuegia ordezkaria, Archibaldo Uriarte, Eusko Etxea-ko presidentea eta Guillermo Echenique, Idazkari Nagusia, lurrikara ostean egin zuten bileran (argazkia ValparaisoEE)]


Erronka berriak

Urte bete beranduago, eta lan asko egin osten, dena prest da egoitza berriaren inauguraziorako. Elkarteko presidente Archibaldo Uriarteren aburuz, inaugurazio hau erakundearen "tema eta ahaleginaren" ondorioa da; "beti jarrera baikorra eta ametsa lortuko zutenaren konfiantza" izateari esker lortu duten emaitza. Orain, gaineratu du Uriartek, "erronka nagusia etxeari bizi berria ematea da, abian jartzen ari garen ekimenekin". 

Programa

Inaugurazio egitaraua 18:30tan abiatuko da, Guillermo Echenique Idazkari Nagusiak emango duen solasaldi batekin. Echeniquek azaroan Donostian egingo den Biltzarrari buruzko informazioa emango du. Ondoren inaugurazio ekitaldia egingo da: aurreskua, ongi etorria euskaraz, eta agintarien hitzak; Valparaisoko Eusko Etxearen plaka bat ematea Guillermo Echeniqueri eta luzaroan galduta egon zen jatorrizko plakaren aurkezpena.

Egunari bukaera emanez, koktela zerbitzatuko da, elkarteko txistulari baten musikak alaitua, eta ondoren pie de cueca izeneko dantzarekin ospatuko da Txile eta Euskal Herriaren arteko anaitasuna. 



Komentarioak

  • Agurrak !!

    Besarkada handi bat Gure Etorkia Txileko euskal kultur taldea partetik ! Badakigu ze gauza ona da etxe bat bizitzeko eta gainera gure sustraiak gordetzeko hobeto ! Hor izango dira Angel "Gotzon" Espinosa txistularia eta Mikel Zuloaga dantzaria aurresku bat dantzatzeko , beno goazen danok festara !!

    Raimundo Riquelme Zubelzu, 2011/09/20 20:31

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia