euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Lurra txiletarra, sustraiak euskaldunak’ lelopean, 20 urte daramatza ardogintzan Korta Wines Upeltegiak

2017/03/06

Korta Wines Upeltegiko Beltz eta Irune ardoak
Korta Wines Upeltegiko Beltz eta Irune ardoak

PUBLIZITATEA

Euskal jatorriak eta egungo izaera txiletarrak bat egiten dute Lontue haraneko Sagrada Familia herriko Korta Wines upeltegian. Urrestillako gipuzkoarren biloba, Francisco Korta Bucareyk zalantzarik gabe egozten dio lanarekiko duen atxikimendua eta ekimena familiarengandik jaso zuen euskal izaerari. "Ongi dakigu geure sustraien berri eta harro gaude oso", adierazi dio EuskalKultura.com-i Korta Wines upeltegiko gerente orokorrak.

Sagrada Familia, Txile. 1997an sortu zen Korta Wines Upeltegia, famili ekimen gisa, Santiagotik 200 kilometrora, Lontue haranean dagoen Sagrada Familia herrian. Enpresaren 20. urteurrenean, upeltegiko jabeek bi hamarkada hauen balantze ezin hobea egiten dute, euren produktuak Txilen ez ezik, atzerrian ere ardogintzan bertako erreferente bihurtu direlako.

Korta Bucarey familia harro dago bere euskal sustraiez eta aldarrikapen eta sentimentu indartsu hori argi islatzen du enpresaren leloak berak. Izan ere Korta Wines ‘Tierra Chilena, Raíces Vascas’ (Korta Wines, ‘Lurra txiletarra, sustraiak euskaldunak’) euren produktu ia guztien etiketetan irakur daiteke. Eta nahiz eta upeltegiak aurten 20 urte beteko dituen, Kortatarrek badakite historia azkoz lehenago hasi zela.

“Hirugarren belaunaldia gara Txilen. Gure sustraiak Gipuzkoatik datoz”, azaldu dio Francisco Korta Bucareyk gure buletinari “Aitaren gurasoak, Jose Korta Zuloaga eta Maria Gurruchaga Odriozola, Urrestillan jaio ziren, Azpeititik oso hurbil. Herri berekoak izan arren, ez ziren elkarrekin etorri Txilera. Amona iritsi zen lehenik, Onditi baserritik, bere neba batek ekarrita; aitonak, ordea, ihes egin zuen, soldadutza ez egiteko –Marokora bidaliko zuten– eta Frantzian itsasoratu zen, hasieran Brasilerako bidean. Bidaian, dena den, sukaldari euskaldun batek konbentzitu zuen Argentinara edo Txilera joateko. Pare bat urte Argentinan eman baina gauzak ez zihoazkion ondo eta azkenean Txilera etortzea erabaki zuen. Oinez zeharkatu zuen Cristo Redentor izeneko Andeetako pasagunea, 1911 inguruan. Txilera iritsita, bere jaioterri bereko jende bat bilatu zituen; honela elkartu zen berriro gure amona izango zenarekin eta apur bat geroxeago ezkondu ziren”.

Txileko ardoak euskal izenekin

“Upeltegia enpresa familiarra dibertsifikatu zenean sortu zen”, kontatzen digu Korta Wineseko gerenteak. “Eskualde honetan ardogintza aktibitate nagusia da eta enpresa handitzerakoan aukera ona iritzi genion. Ez gara oraingoz ausartu txakolina, patxaran eta sagardoa bezalako produktu batzuekin, oso gustukoak baditugu ere, baina harro aldarrikatzen dugu gure euskaltasuna gure ardo gehienen etiketan ipintzen dugun leloarekin, gure leloarekin: ‘Tierra Chilena, Raíces Vascas’ (‘Lurra txiletarra, sustraiak euskaldunak’)".

"Horrez gain, gure produktuetako batzuk euskal izenak daramatzate. Esaterako, ‘Beltz’ du izena goi mailako gure ardo beltz ildoak eta ‘Irune’, berriz, hiru mahatsondo mota batzen dituen ardo zurietako batek".

Kontaktua euskal kolektibitatearekin

“Gure aitona-eta hamaika senide ziren eta hainbeste izanik, eutsi diogu Euskal Herrian geratu zen familiako kideetako batzuekin”, jarraitzen du Kortak. “Bereziki Urrestillan eta Azpeitian bizitzen segitzen dutenekin. Hemen, Txilen, badaukagu kontaktua Santiago hiriburuko Eusko Etxearekin baina gure kontaktu nagusia Txileko Euskal Ordezkaritzarekin da eta, zehatzago, erlazio bikaina daukagu bertako arduraduna den Rafa Kutz ordezkariarekin”.

Euskal Sustraiek dakartzaten sentimendu eta konpromisoa

“Nire ustez, euskal sustraiak izateak harrotasuna bai, baina aldi berean ardura ere badakar, konpromiso bat egiten dugun guztiarekiko”, hausnartzen du Upeltegiaren arduradunak. “Aitona-amonek, osaba-izebek eta gurasoek izaera sendoa zuten, nik euskaldun askorengan ikusten dudan berbera. Gu harro gaude horretaz eta transmititzen jarraitu nahi dugu".

"Aurten 20 urte beteko ditu Korta Wines Upeltegiak eta nire ustetan euskal jatorriko jendeak lanarekiko duen engaiamendu eta grinak zerikusi handia du honekin. 20 urte hauetan lan handia egin dugu, asko ikasi dugu eta horrek ekarri gaitu orain gauden lekura: gure produktuak oso ondo kokatuta daude Txilen eta atzerrian eta gure izena bertako erreferente ezaguna da ardogintza munduan”.

Facebook, Korta Wines
Página Web, http://www.korta.cl/


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia