euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lurra eta bere jabegoari buruzko hausnarketa eraginez heldu da Gotainera Xiru jaialdi xiberotarraren 18. edizioa

2007/03/21

Iazko Xiru jaialdiaren ekintzetako bat. Musika eta lurra izango dira aurten ere jaialdiaren ardatzak
Iazko Xiru jaialdiaren ekintzetako bat. Musika eta lurra izango dira aurten ere jaialdiaren ardatzak

PUBLIZITATEA

Martxoaren amaieran egingo da aurten Xiru festibala. Jaialdia gazte baina eskarmentuz beterik heldua da 18. ediziora. Ohi moduan elkarretaratzeak Gotaineko eragileak eta sorkuntza uztartzea du helburu eta lurra eta horren jabetzaren inguruko hausnarketa eginez ekingo dio aurtengo egitarauari. Topagune izan nahi duen ekimenak Gipuzkoa, Paris edota Errumaniako bisitariak izango ditu. Mixel Etxekopar antolatzaileak, bestalde, bere hurrengo proiekturako, Estatu Batuetan pastoral bat egiteko, kide bila dabilela azaldu du.
Urteroko hitzorduari so eginez hemen iritsi da aurten ere Xiru jaialdia. Festibalaren 18. edizioa dugu eta ohi moduan Gotainen izango du agertokia. Arte adierazpen ezberdinak biltzen ditu jaialdiak era alai eta jostagarriz; egitarauko ekintza guztiei tokia emateko hiru egunetan ezarri dira, martxoaren 30an, 31an 'eta 32an' (hau da apirilaren lehenean), antolatzaileen hitzak erabiltzearren. Abotia elkartearen ekimen honetan Gotaine bertako ordezkariek ez ezik Europako zenbait txokotatik etorritako gonbidatuek ere hartuko dute parte, tartean Errumania eta Frantziakoek edota, Euskal Herritik bertatik, Gipuzkoatik etorritakoek. Jaialdiaren helburuen artean ‘herrikoitasuna eta sorkuntza bategitea’ dagoela azaldu dio BasqueHeritage.com-i ekimenaren arduradunetako bat den Mixel Etxekopar xirulari, kantari eta artista xiberotar ezagunak.

Indartsu hasiko da jaialdia, egitarauko lehen ekintzak, Garindaine Lur Gaine izenekoak, artista eta arte adierazpide anitz bilduko baititu bere baitan. Hala, Pariseko Xavier Pinon argazkilariaren lanak etxeetako paretetan proiektatuko diren artean, Karidadeko Benta taldeak eta Mixel Arotzek, beste batzuen artean, kantuz eskainiko dute euren emaitza. Egun berean, eta ikuskizunak irauten duen bitartean, Korrikak herria bisitatuko du. Hauxe da, izan ere, jaialdiaren beste nahikarietako bat, herriko jendea eta bisitarien arteko harremana. Etxekopar-en esanetan, jaialdia txikia izateak abantaila hori dauka. Tamaina horrek ahalbidetzen baitu herritarren eta bisitarien elkar eragiketa.

Lurraren inguruan hausnarrean

Lurra da Xiru jaialdiaren aurtengoan hartu duen gai nagusia. Lurrari horren atxikiak gauden Euskal Herri honetara inoiz lurrik izan ez duen herri bateko jendea gonbidatu dute gotainetarrek. Zehazkiago Moldabiako ijitoek osatzen duten Vagabontu taldea ekarriko dute euren bizikera nolakoa den musikaz zein hitzez adierazteko. Errumaniatik etorritako tzigano fanfarrea asteburu osoan ariko da herria musikaz betetzen. Euskal Herriak ere bere isla izango du jaialdian. Gainezka egiten duen egitarautik aipa dezakegu Zumaiako Karidadeko Benta Taldearen parte hartzea.

Mixel Etxekopar-ek, jaialdiaren arduradunetako bat denez geroz, bertan euskal kulturaz duen iritzia eta kezka islatu nahi ditu. Hain zuzen ere, jaialdiaren bidez era arinean euskal nortasunak eta garaikidetasunak mantentzen duten elkarrizketa jorratu nahi du. Diasporarekin harreman estua duen Etxekoparrek interes handiz begiratzen du Diasporak kulturari buruz egiten duen interpretazioa, ‘era berri batean ikusten baitituzte gure kulturako elementuak’. Honen adibide da berak Kaliforniara eta Estatu Batuetara egindako bidaien ondoren eta hango euskaldunak gogoan zituela idatzitako pastorala. Egilea ‘pastorala taularatuko duen talde baten bila’ dabil, ‘Atlantikoko bi aldeak uztartuz posible balitz askoz hobe’ gaineratu du proposamenetarako irekia dagoela adieraziz.


Lotura interesgarriak

Xiru Jaialdiaren egitarau osoa
Xiru 18 Egitarau osoa

Xiku aurkezpena Euskal Kultur Erakundearen gunean
www.eke.org-en

Antzerkia Musika eta ipuinak Xiru 2006an
2006ko apirilaren 13an EuskalKultura.com-en argitaratua

Mixel Etxekoparrek Kaliforniako euskal ekitaldi batean partaide
2005ko uztailaren 23an EuskalKultura.com-en argitaratua


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia