euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lujango Unibertsitate Nazionalak Oscar ‘Vasco’ Arla izena jarri dio bere Gai Akademiko Idazkaritza Nagusiari

2016/12/30

Lujango Unibertsitate Nazionalean egindako zeremonia eta jarritako plaka
Lujango Unibertsitate Nazionalean egindako zeremonia eta jarritako plaka

PUBLIZITATEA

Agintari, ahaide eta ikasleek hartu zuten parte izendatze zeremonian. ‘Vasco’ goitizenarekin ezaguna zen Oscar Domingo Arla Unibertsitateko ikasle, irakasle eta zuzendaritza kide izan zen eta “marka ezabaezina” utzi zuen ikastetxean. Aita baxenabartarra eta ama zuberotarraren seme, pilotaria izan zen gaztetan eta sustraiekiko maitasuna transmititu zien seme-alabei, bereziki gaur egun Buenos Aireseko Euskaltzaleak eta Iparraldeko Euskal Etxea instituzioetako erreferente den Marianari. Oscar Arla martxoan zendu zen.

Lujan, Argentina. Buenos Aires probintziako Lujango Unibertsitate Nazionaleko komunitateak merezitako omenaldia egin dio ikastetxeko ikasle, administrari, irakasle eta zuzendari izan zen Oscar Domingo ‘Vasco’ Arlari. Zeremonia abenduaren 20an egin zen, Unibertsitateko egoitzan eta Busnelli errektore ohiak, Sara Alzamora alargunak eta Arizio errektoreak esan zituzten hitzak ‘Vasco’ren ibilbidea ekarri eta omentzeko. Omenaldiaren baitan, Gai Akademiko Idazkaritza Nagusia Oscar Domingo ‘Vasco’ Arla izenarekin bataiatu zuten eta ohorezko plaka desestali.

Ibilbide emankorreko pertsona izan zen Oscar Domingo Arla. Ikasle bezala sartu zen eta administrari ere izan zen. Denboraren poderioz, Hezkuntzan lizentziatu bihurtu zen eta irakasle ere aritu zen unibertsitatean. UNLutik jakinarazten dutenez, “garrantzi handiko proiektu askotan egin zuen lan. Azken diktadura zibiko-militar garaian Unibertsitatea itxi zutenean, diktaduraren biktima izan zen; ilegalki atxilotu zuten eta garai hartako legeen babesarekin, unibertsitatetik kaleratu zuten”.

“Demokrazia berreskuratzearekin,1984an unibertsitateak bere ateak ireki zituen berriro eta hainbat funtzio izan zituen ‘Vasco’k: Kontseilu Nagusiko idazkari teknikoa, zuzendari tekniko nagusia, idazkariorde akademikoa, Zentro Erregionaletako koordinatzailea, Erakundeen Harremanetarako idazkaritzako aholkularia eta SIU-Unibertsitateko informazio Sisteman UNLu-ko ordezkaria izan zen, izan zituen karguetako batzuk aipatzearren”.

Lankide, senide eta ikasle ugari bildu ziren omenaldian partaide, “hezkuntza, demokrazia eta unibertsitate publikoaren alde ezinbesteko lana agin zuen laguna omentzeko”.

Iparraldetik Lujanera

Oscar Arla Lujan hirian jaio zen Ipar Euskal Herritik etorritako etorkinen seme: aita, Ambroise Arla, Donaixti Ibarrekoa zen, baxenabartarra; ama Catalina Harispe, berriz, familia zuberotar baten ondorengoa. “Ambroise 1914. urteko gerragatik argentinaratu zen”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Mariana Arlak. “Gerra garaian preso alemaniarrak zaintzen zituen. Thomas anaiarekin etorri zen familiak animaturik". "Gure aitona-amona guztiak euskaradunak ziren. Are gehiago, baita amona Catalina ere, Argentinan jaioa izanagatik gaztelania ez zuen ikasi eskolan hasi arte. Catalina eta Ambroise, Buenos Aires probintziako Cortines herrixkan kokatu ziren, Lujandik hurbil. Bertan nekazari eta esne saltzaile aritu ziren”.

Akademian izandako jardueraz gain, kirolari ona ere izan zen, futbolean, eta nola ez, paleta pilotan. Sara Alzamora emaztearekin hiru seme-alaba, Mariana, Laura eta Matias, eta bost iloba, Estanislao, Dolores, Delfina, Martina eta Josefina, izan zuen. Eta euskal sentimendua transmititzen jakin zuen; izan ere, Mariana, euskaltzale petoa, Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko ikasle eta lehendakariordea izan da. Buenos Airesko euskaltegian ezin estimatuzko lana egiteaz gain, Iparraldeko Euskal Etxeko azpibatzordeko kide ere bada. Alabarekin batera euskal jai batzuetan parte hartutakoa zen, iragan martxoan zendu zen Oscar Arla.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia