euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Luis Obieta: "Euskal etxe gisa sendotzen lagun diezaguketen ideia eta ekimenak behar ditugu"

2015/09/17

PUBLIZITATEA

Pampa erditik datorkigu Luis Obieta, gautxoen lurretik, euskal oihartzuna ere duen herri batetik, General Acha baitu izena bere sorleku argentinarrak. Medikua da lanbidez eta 58 dituela lehenengo aldiz etorri da egunotan Euskal Herrira, bere "beste lur" horretara, urrunetik izanik ere beti gogoan eta hurbil sentitu izan duen herentzia eta izatea baita bere aitaren eta bere aitonaren bidez heldu zitzaiona, 1880 aldean argentinaratu zen Francisco Obieta birraitona erreferentzia eta lokarri.

Joseba Etxarri. Batzuetan gerta daiteke papera eta hitz idatziak ez izatea isla egoki edo behar bezain fidel, kazetariak bere elkarrizketatu edo solaskidearekin berbetan nabaritzen dizkion sentimentu, zirrrara eta hunkipena adierazteko. Luis Obieta Argentinako Pampako General Acha herrian jaio zen duela 58 urte. 'Achense'a da, beraz, medikua, eta egunotan, argentinar talde batekin Euskal Herrian barrena dabil, begiak zabalik, ikusten eta sentitzen duen guztia diskogogorreratzen, estonatuta eta ezin sinetsian "hemen" dagoela, amestu ere egiten ez zuen zerbait gauzatzen, izan ere, euskal gauzekiko maitasuna transmititu zion bere aitaren ametsa baitzen arbasoen lurra zapaldu eta ezagutzea. "Aita oso gustura izango zen hemen", esan digu, ezpainetan ezezik begietan ere bozkarioaren disdira eta satisfazio intimoa nabari zaizkiola.

Argentinarra zara eta hemendik hamar mila kilometrotara, Pampa erdian, egin duzu bizia, baina euskaltasuna edo euskal sentimentua beti lagun.

-Gauza bitxia da. Nire bizitza, tarte desberdinetan, General Acha-ko Euzko Txokoa euskal etxeari loturik egon da. Aita euskal etxeko lehenengo Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen, lehendakariorde, 1965ean, euskaldun talde batek sortu zuenean. Ni haurra nintzen orduan eta bertako lehenengo dantza taldeko partaide izan nintzen. Aitaren jarraitzaile han dia nintzen eta berak sekulako maitasuna zion euskaltasunari; eta gauza da ez bere aitona Euskal Herritik etorri zenetik, ez bere aita edo ezta bera ere ez zirela sekula Euskal Herrian izanak. Nire aitak soilik zekien bere aitona, Francisco izenduna, bera bezala, Las Floresera etorria zela zelaietan nekazari lanetara, Buenos Aires probintzia barnealdean.

Zer dakizue Euskal Herritik etorritako arbasoaz?

-Francisco Obieta Zabala zuen izena eta 1880 inguruan iritsiko zen Argentinara. Badakigu 1884an ezkondu zela Las Floresen eta gero topatzen ditugu bere seme-alabak, hauek dagoeneko Generalk Achan jaioak, horien artean nire aitona, bizitza General Achan egingo duena bertan ezkondu baitzen nire amonarekin, beraz, hortik aurrera achense-ak (atxatarrak) gara, nahiz eta azken urteotan familiako batzuk beste leku batzuetara zabaldu diren.

Nola doakizu zure lehenengo bidaia eta kontaktu hau Euskal Herriarekin?

-Zertxobait ikertuta eta nire familiakoren batekin, edo bederen nire abizen berekoren batekin biltzeko asmoz nentorren. Argentinan, nire familia zuzena salbu, ez dut beste Obietarik ezagutzen. Internet eta Facebook-ez kontaktatu ahal izan ditut batzuk Mexikon, badakit Estatu Batuetan badaudela eta, esaterako, asko daudela Filipinetan, baina ez nuen Euskal Herriko inorekin topo egin. Afizioz genealogian dabilen lagun batek arbola egiten lagundu zidan. Datuak Argentinan ongi heltzen dira birraitoneraino, baina gero hemen konplikazio txiki bat izan dugu, Foruan jaio zela uste baikenuen, baina bataio agiria ez da hor agertzen, eta esaten didate hori ez dela posible garai hartan haurrak biharamunean bataiatzen baitziren. Beraz, Foruara joan eta herriko batzuei galdetuta esan zidaten herrian bertan ez dutela Obietarik ezagutzen, baina bai Gernikan, eta Gernikan bizi eta Argentinan ahaideak dauzkan andere baten telefonoa lortu zidaten. Ez dirudi ahaide zuzenak garenik, baina aspaldian, nonbait, seguru piramidean bat egiten dugula, abizen bera baitaukagu. Andere honi deitu eta batzekotan geratu ginen. Gernikan... Bilera harek [sendotasunez kontatzen du, baina emozioa nabari zaio] hunkitu egin ninduen, sakon, Gernikan, euskal lurrean, gure familiaren herrialdean... [betaurrekoen kristaletatik nabari zaio bustidura begietan] Eta ez dut batere ahaztu nahi azpimarratu eta eskertzea euskaldunaren atsegintasuna eta laguntzeko borondatea, esker oneko hitzak baizik ez dauzkat bidaian zehar lagundu didatenei.

Ezagutzeko eta sentitzeko gosez eta egarriz etorri zara.

-Txundituta  nago. Oso gustura nabil, lur hau, bere jendea eta lekuak bisitatzen. Plazera ematen dit bere edertasunak, garbitasunak eta jendearen atseginak. Donostia hiri zoragarria iruditzen zait, bste leku batzuk baino kosmopolitagoa, nahasiagoa, baliteke turistengatik ere izatea, asko ikusi baititugu. Baina gehiago gustatu zait Bilbo, behar bada familia kontuengatik ere hurbilagokoa dudalako, eta zinez hunkitu eta inarrosi nau Gernikak eta bere historiak. Bidaian ikusteko ditugu oraindik HGasteiz eta Arabar Errioxa, Nafarroa eta Iparraldea, baina oso pozik nago izaten ari naizen aukera honekin. Bizitzako nire ametsetako bat ari naiz betetzen.

Ze martxa darama General Achako euskal etxeak?

-Euzko Txokoak kirol instalazio ederrak dauzka, zerbitzu ona eskaintzen dutenak, baina egiari zor denbora gehiegi darama kirol klub arrunt baten ibilbidea eginez, arreta gehiegi eskaini gabe bere jatorriari eta bere beteb eharrei euskal etxe gisa. Azken bizpahiru urteetan igerilekua estali dugu eta, esan bezala, kirol eskaintza aldetik baliabide on bat atxatarrentzat. Hiriak 17.000 bat biztanle dauzka, gehienbat behi eta txekor hazkuntza bizibide duena, eta fabrika handi bat, Durlock, mundu osorako igeltsu plaka eta eratorriak egiten dituena. Euskal Etxea ongi txertatuta dago herrian, baina nire ustez gure oraingo erronkak, elkartea duela 50 urte sortu zutenen izpiritu eta helburuak berreskuratzeak behar du izan: euskara, euskal dantza taldea, trukeak gainerako euskal etxeekin ...

Kolore, sinbolo eta seinaletika aldetik mantentzen duzue euskaltasuna.

-Bai, bai, ikurriña beti daukagu, sartu eta Ongi Etorri hitzek errezibitzen zaituzte eta instalazioetako sailak eta bulegoak bi hizkuntzetan ditugu, gaztelaniaz eta euskaraz... Frontoian, esaterako, euskal armarria daukagu, handia, zazpi probintziekin. Hori guztia ondo dago, jakina, baina euskal edukia falta zaigu, horrek identifikatu eta desberdintzen baikaitu, horrek egiten baikaitu gu,

Egun hauetan indar berriak metatzen ari zara itzultzean euskal etxean erabili ahal izateko?

-Gogo handiz noa ikusi, sentitu eta bizi izan dudana eraman eta transmititu ahal izateko. Orain hilabete t'erdi Bahia Blancako dantzari bat etorri zen Macachin herrira, General Achatik hurbil, edantza tailer batzuk ematera eta gure euskal etxetik, herrian dantzazale den eta dantza klasikoa, folklorea egiten dituen neska bat bidali genuen. Dantzatzea asko gustatzen zaio eta baiezkoa eman zigun. Irakaslerik ez dugu, hutsetik ari gara hasten eta laguntza behar dugu, baina ezin dugu utzi denbora gehiago pasatzen. Gustatuko litzaidake irakasle gazteak, dantza eta musika irakasleak izatea, agian Euskal Herrikoak, euskal etxea irauli eta inarrosi behar baitugu euskal edukiei dagokienean. Orain, urrian, Argentinako Euskal Aste Nazionala izango da Macachinen, Pampan bertan, eta euskal etxeko gazte batzuk partaide izatea nahi nuke, ikus eta ikas dezaten zein gozagarri eta dibertigarri izan daitekeen dantzaria izatea, euskara ikastea, euskal kulturaz ikastea edo, zergatik ez, musean aritzea. Aukera asko eskaintzen ditu euskal kulturak baina hazia behar dugu. Orain, udan [Euskal Herriko neguan], udaleku bat antolatzen dugu Achan, gure instalazioetan, herrikoentzat. Lehenengo urrats gisa planteatuko dugu edukietako batzuk euskal kulturari lotzea, kantu natzuk ikastea, musika, pilota. Kirol partea ondo dabilkigu; erronka euskal etxe gisa ere geure lana betetzea da. Norbaitek ideiak baditu eta partekatu nahi baditu, kontakta nezake. Facebook-en Centro Vasco Euzko Txokoa izenaz gaude.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia