euskal diaspora eta kultura
2012/10/25
PUBLIZITATEA
Macachin, Argentina. Ez zen batere erraza izan La Pampa probintziako Macachin herriko euskaldunentzat euren euskal etxea berriro martxan jartzea, baina lortu zutenetik bizkor ekin diote lanari. Hotelaren zaharberritzearekin batera, Euzko Alkartasuna euskal etxeak bere betiko erritmo bizia berreskuratu du eta instalazio berriak ez ezik, giro bikaina ere eskaintzen die bertara iristen diren gonbidatuei.
Irailaren 29an eta 30an eta aspaldiko ohitura bati jarraituz, Aralargo San Migel Mus Txapelketa burutu zuten Machingo euskal etxeko arduradunek. Proposamena arrakastatsua izan zen eta lagun anitzek -- Rosario, Chascomus, Balcarce, Mar del plata eta Junindik propio etorritakoek -- bete zuten Euzko Alkartasuna Hoteleko aretoa. Irabazleei dagokionez, Luis Moreno eta Juan Mutuberria Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeko ordezkariek irabazi zuten lehenengo saria.
Beste alde batetik, eta igandeko meza bukatutakoan, omenaldi berezia egin zieten euskal etxeko kideek erakundeko lehenengo dantza irakasle izandako Mikel Menayari eta Maria Julia Ercorecari. “Bien senideek lagunduta, bi plaka oroigarri desestali genituen. Esker beroak eman nahi dizkiegu guztiei honaino etortzeagatik eta Alazne Iruretagoyenari, hainbeste oroipen eta hitz polit gurekin konpartitzeagatik”.
Bukatzeko, euskal etxetik iragartzen dute datorren urterako Mus Txapelketarekin batera Pilota Txapelketa antolatzeko asmoa ere badutela. “Lehen egiten zuen bezala”, azpimarratzen dute Euzko Alkartasuna Euskal Etxea-ko lagunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus