euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mad Men sailean agertzen den La Villa Basque jatetxe kaliforniarra bere horretan gordetzeko borrokan ari dira

2011/03/31

Leonis Malburg jabe ohia eta bere sukaldari ortzaiztarra (argazkia EuskalKultura.com)
Leonis Malburg jabe ohia eta bere sukaldari ortzaiztarra (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Kaliforniako Vernon herrian dagoen La Villa Basque jatetxeak aldatu gabe mantentzen du sortu zuteneko 60ko hamarkadako dekorazioa. 1960ean sortu zuen euskaldunen ondorengoa den Leonis Malburg-ek eta arbasoen omenez jarri zion izena. Sinatra gustura legoke La Villa Basqueko aretoetan, diote batzuk, eta Mad Men telebista saio ezagunak atal bat grabatu zuen bertan. Baina desagertzeko zorian dago dena, jatetxearen jabe berriek aldatu egin nahi baitute. Los Angeles Conservancy elkartea horren aurka ari da borrokan. Los Angeles Times egunkariak gaiari buruz plazaratu duen artikulu bat itzuli eta laburtzen dugu, jarraian.

Vernon, AEB. Vernon ehun (100) biztanle baino gutxiago dituen Kaliforniako herri txiki bat da. John Leonis euskal amerikarrak sortu zuen XX. mende hasieran. Leonistarren izena herriaren historiari oso lotuta dago: sortzailea herriko alkate izan zen 50 urtez; eta Leonis Malburg ilobak hartu zion lekukoa eta beste 53 urtean egon da karguan.

2009ean Malburg-ek alkatetza utzi egin behar izan zuen, ustelkeria eskandalu baten ondorioz. Leonistarrek bertan izan duten kontrolaren eta nagusitasun/keriaren gogoangarri, Malburg-en bulegoak Leonis hiribideko Leonis Malburg eraikinean daude. Alkatearen hondamenarekin batera, La Villa Basque-n galera etorri zen eta Malburg-ek saldu egin zuen jatetxea. Jabe berriek lokala berriztatu eta aldatu egin nahi dute.

1960ko hamarkadan sortu zuen jatetxea Malburg Leonisek eta izena, La Villa Basque, arbaso euskaldunen omenez jarri zion. Jatetxearen sarreran, 'Zazpiak Bat' leloa duen armarri batek agurtzen ditu bisitariak. Hala ere, lokala berezia egiten duena ez da euskal jatorria, baizik eta bere dekorazio elegante eta 60ko hamarkada estilokoa, aldatu gabe mantendu izana geroztik, hainbeste urtetan.

Los Angeles Conservancy elkarteak kafetegiaren estiloa azpimarratzen du, jatetxearen jangela dotorea eta koktelen barra. Frank Sinatra-ren eta Dean Martin-en Rat Pack famatu hura etxean legez sentituko omen litzateke bertan.

Halakoa da jatetxearen 60etako kutsua, Mad Men telebista saio ezagunean ere agertu dela ('The Suitcase' atalean). Matthew Weiner, saioaren sortzaile eta ekoizleak, LA Times egunkariari azaldu dio aktoreek eta taldeko beste kideek oso gustura egin zutela lan han eta lokala ukitu barik gorde izana estimatu zutela. "Zalantzarik gabe jatetxea aldatzea edo berritzea gerta dakiokeen okerrena da, bai errodaietarako eta baita ere bizitza komertzialari begira", dio Weiner-ek.

-Gaiari buruz zenbait artikulu agertu dira. Horietarik bat erabili dugu honako testua idazteko. Jatorrizko artikulua ingelesez, Los Angeles Times egunkarian



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia