Iruñea-Pamplona. Ekain hondarra da eta urtero Nafarroako Gobernuak Nafar Etxeetako gazteentzat antolatzen dituen Udako Eskolen tenorea. Foru Erkidegoa bisitatu, bertako egungo errealitatea lehenengo pertsonan ezagutu eta harremanak sendotu eta estutzea da ekimenaren helburua. Argentinan dauden lau Nafar Etxeetako bakoitzeko bina kide dira partaide, esan nahi baita Bolívar, Buenos Aires, Mendoza eta Rosariotik etorriak. Taldea ekainaren 29a arte da hemen, batzuk bidaia egun batzuk luzatuko badute ere.
Taldea joan den astelehenean errezibitu zuen Nafarroako Jauregian Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, lagun zituela Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia eta Pello Pellejero Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria; baita ere Iñaki Martinez de Vírgala, Kanpoan Diren Herritarrekiko Harremanetarako Ataleko burua eta Miriam Veguillas, Kanpo Ekintzako Zuzendaritzakoa.
2024ko Udako Eskoletako irudiak (bideoak Nafarroako Gobernua)
Bisitari argentinarrak Iruñeko Udaleraino heldu ziren eta Joseba Asiron alkateak egin zien harrera. Gogora dezagun honakoak direla taldeko kideak:
- Leire Marquina eta Laura Elizabeth Salina, Buenos Airesko Nafar Etxekoak
- Micaela Garín eta Claudia Soledad Lozano, Bolivarko Nafar Etxekoak
- Nerina Pilar Rojas eta María Graciela Burela, Mendozako Nafar Etxekoak
- Camila Evangelisti eta Agustín Latasa, Rosarioko Nafar Etxekoak
Asiron alkatearekin, datorren asteko larunbatean Txupinazoa botako duten balkoiean egon ziren. Paseatu zuten baita ere Alde Zaharretik, entzierroa ibiliko den karriketan barrena. Nafarroako Parlamentura hurreratu ziren, eta Unai Hualde parlamentuburuak errezibitu zituen, eta baita Nafarroako Unibertsitate Publikora ere. Aste honetan zehar bisitatu dituzte Bertizko Jaurerria, Xorroxingo Jauzia Erratzun, Zugarramurdi, Elizondo, Nafarroa Erdialdea eta Erribera, Erriberri, Tutera eta Bardeak, Done Jakue Bidea (Eunateko Santa Maria, Obanos, Gares eta Lizarra) eta gaur ostiralean bertan, Orreaga, Donibane Garazi eta Iratiraino iritsiko dira. Larunbatean, azkenik, Zangotzaldean ibiliko dira, bisitaturik Irunberriko Arroila, Xabierko Gaztelua eta Leireko Monasterioa.