Portugalete, Bizkaia. Artista polifazetikoa da Joseba Gotzon Varela. Euskal diasporan musikari eta kantautore gisa ezaguna, joan den urrian Argentinako hainbat hiritan ibili zen bere azken lana, “Urrundik”, aurkezten, herrialde hartarako bere hamabigarren biran. Azaroan, Mexikora eraman zituen kontzertuak. 17 disko plazaratuta, eskulturaren munduan ere sartu da azken urteotan. Ez da erraz gelditzen, eta bere azken lana abenduan aurkeztu du, “Los Gudaris del balón” liburua, Txalapartak argitaratua, omenaldi bat Gerra Zibil garaiko Euzkadiko futbol selekzioari.
Obra 1937-1939ko euskal futbol selekzioari buruzko saiakera bat da. Gerra Zibilean, Jose Antonio Agirre lehendakariak bultzatuta, Euzkadi taldea, maila handiko euskal futbolariek osatua, mundu osoan barrena ibili zen, hobeki menperatzen zuen arma erabiliz: baloia. Bi urtez, aurkezpen ugariekin, dirua bildu zuten elkartasuna bultzatuz Euskal Herrian Francoren altxamendua jasaten ari zen populazioaren alde, propaganda arloko helburua ere betez, esan nahi baita Euskal Herria mapan kokatzea.
Joseba Gotzonek euren ibilbide eta ekarpen gogoangarria kontatzen du “Los gudaris del balón”en. Liburuak hainbat dokumentazio grafiko biltzen du, tartean orain arte argitaratu gabeko argazkiak, bizitako esperientzien eta kirol eta giza lorpenen berri emanez. Liburuaren bidez, garai zail hartako euskal selekzioaren historia ez aski zabalduaren ezagutza sustatu nahi izan du portugaletetarrak eta, aldi berean, merezitako aitortza eskaini.