euskal diaspora eta kultura
2011/06/09
PUBLIZITATEA
Berlin, Alemania. Igande honetan, eguerdiko hamabi t'erdietan, aterako da Hermannplatz enparantzatik Karneval der Kulturen 2011 desfilea eta Berlingo Euskal Etxeko dantzariak bertan izango dira, hiriko gizataldeen ordezkarien artean. Jaialdi koloretsua eta alaia izan ohi da, hiriaren kultur aniztasuna ospatzeko parada bat; asteburuan zehar, ekitaldi desberdinetan, orotara milioi bat lagun biltzen ditu urtero.
"Berlinen kultura eta herrialde desberdinetako jende asko bizi da eta 1996ean kultur aniztasuna eta elkarbizitzea agertzen zuen festa bat egitea bururatu zitzaien. Kanpotik etorriak izanik hemengoak diren eta hemen bizi diren pertsonen eskubideak aldarrikatzea zen euren asmoa", azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko berlindarreko presidenteak, Ainhoa Añorgak. Errespetua eta tolerantzia sustatzeko kultura desberdinak ezagutaraztea da jaialdiaren helburua, Añorgaren esanetan.
"Guk ere hori nahi dugu aurten: berlindarrek eta festara datozen kanpotarrek gure kultura oparoaren zatitxo bat bizi dezaten", dio. Euskal Etxeak 'Tanzan' dantza taldearekin parte hartuko du jaialdian. Duela zenbait hilabete abiatu zen taldea, Mikel Aristegi, Unai Lauzirika, Nagore Soroa eta Nagore Goñi koordinatzaileen gidaritzapean.
[Berlingo Euskal Etxeko dantzariak ekinean (argazki BerlinEE)]
Kabalkadan taldeak Ander Salaberria trikitilariaren musikaren laguntza izango du eta Euskal Herriko zazpi probintzietako dantzak eta jantziak erakutsiko dituzte. Euskal Etxea buru belarri aritu da azken egunetan soinekoak prestatzen eta taldearen buruan joango den kamioneta atontzen.
Humboldt-i omenaldia
Bestalde, Berlingo euskal elkarteak beste hitzordu garrantzitsu bat izango du hilabete honetan: ekainaren 22an Wilhelm von Humboldt (1767-1835) hizkuntzalariaren omenez ekitaldi berezia egingo du. Aurten alemaniar pentsalari eta ikerlariak Euskal Herrira egin zuen bidaiaren 110. urteurrena betetzen da eta hori kari, euskal etxeak Berlin-Tegeleko Humboldten gazteluan omenaldia egingo dio. Bernhard Hurch doktoreak, Austriako Karl-Franzens-Universität-eko katedradunak, hitzaldia eskainiko du Humboldtek euskarari buruz egin zituen lanen argitaraldi berriaz.
2010eko Karneval der Kulturen jaialdiaren bideo bat:
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus