euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Loreto Aramendi organujole euskalduna AEBetako ipar ekialdeko estatuetan kontzertu bira egiten ari da

2016/05/04

Loreto Aramendi Rochester (Minnesota) hirian Rieger-Kloss (2001) organoarekin (argazkia Loreto Aramendi Facebook)
Loreto Aramendi Rochester (Minnesota) hirian Rieger-Kloss (2001) organoarekin (argazkia Loreto Aramendi Facebook)

PUBLIZITATEA

Loreto Aramendi oriotarra AEBetan barrena dabil egunotan, Maine eta Minnesotta estatuetan hainbat kontzertu eskaintzen. Aramendik musika tresna oso berezia jotzen du, organoa, eta instrumentu hauek dauden elizetan egiten ditu emanaldiak. Atzo Bangor hirian izan zen eta aste honetan azken emanaldi bat egingo du Lewinston-en.

Bangor, AEB. Loreto Aramendi organujole oriotarra Donostiako Santa Maria elizako organuaren titularra da, baina egunotan AEBetan dabil hango ipar-ekialdeko hainbat hirietan kontzertuak eskaintzen: Rochester, Bangor, Boston, Lewiston eta New Yorken, zehazki.

Organu joleen kasuan birak bereziak dira, izan ere, musikari hauek jotzen duten instrumentua ezin da leku batetik bestera eraman, aldiz, eurak dira organuak dauden lekuetara, elizetara, joan behar dutenak. Organuak, gainera, pieza historikoak dira kasu askotan, eta kontzertua emateko instrumentua ezagutu eta jotzea esperientzia zirraragarria da.

Atzo, esaterako, Aramendi Bango hiriko Saint John's elizan izan zen, bertan dagoen organua jotzen eta EuskalKultura.com-i azaldu dionez, esperientzia ahaztezina izan da. "Bangorren instrumentu ikusgarria aurkitu dut. 1860. urtean eraiki zuten Bostongo Hook anaiek; Donostiako Santa Maria basilikako Cavaillé-Coll organua baino hiru urte lehenago, beraz. Gauza asko dituzte amankomunean, soinu benetan bikaina dute, instrumentu mekanikoa dira eta hori oso poetikoa da".

Bira honetako errepertorioa Liszt, Bach, Saint Säens, Alain, Wagner eta Rachmaninoff musikagileek osatu dute. "Programa interesgarria eta koloretsua", Aramendiren esanetan. "Nire organu maisuak, Louis Robilliard-ek, organuarentzat eginiko moldaketetan oinarrituta dago. Esan beharra dut esperientzia sinestezin eta ahantzezina ari dela izaten, bereziki izaten ari naizen harrera beroari esker".

Informazio gehiago Loreto Aramendiren webgunean edo bere Facebook orrian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia