euskal diaspora eta kultura
2013/03/08
PUBLIZITATEA
Las Flores, Argentina. Udaletxeak eta Kolektibitateen Elkarteak antolaturik, martxoaren 1etik 3ra luzatu da Las Floresen herriko IV. Gizataldeen Azoka. Aurreko edizioetan bezala, 2013koan ere Mitre Plaza inguruan kokatu ziren mundu osoko herrietako eta Argentinako probintzietako ordezkarien standak. Bertan musika eta dantza ikuskizunak burutu ziren asteburuan zehar.
[Luisa Andraca banderaduna, Mirta Arrambide logoa eskuan, Manuela Ecay, Graciana Goicoechandia eta Leire txikia (argazkiaEE)]
Kultur aniztasuna ospatzeko egiten den jai honetan herriko euskaldunek ere hartzen dute parte. Euskal txokoan bisitariek Euskal Herriari buruzko informazioa eskuratu ahal izan zuten. Horretaz gain, plater tipikoak dastatu ahal izan zituzten, tartean, arrakasta handiz, euskal pastela.
[Loretako Euskaldunak-eko kideak euskal standean (argazkiaEE)]
Bestalde, Loretako Euskaldunak Euskal etxeko talde bat euskal gizataldearen ordezkari izan zen festako kabalkadan. Beste hainbat banderaren artean, Luisa Andracak ikurriña eraman zuen eta Mirta Arrambidek erakundearen logoa. Jantzi tradizionalez jantzita Manuela Ecayk, Graciana Goicoechandiak eta Leire Reyes Goicoechandiak osatu zuten euskaldunen ordezkari desfilatu zuen taldeska.
Graciana Goicoechandia, ziklo baten amaiera
Ekintza honekin ziklo bat ixten hasi da Graciana Goicoechandia, euskal etxeak sortu zenetik orain arte izan duen lehendakaria. Izan ere, 2005etik erakundeko buru izan denak lehendakaritza utziko du agintari berriei lekua emateko.
“Lau agintaldi izan dira eta urte hauetan gauza anitz eta garrantzi handikoak lortu ditugu: euskara eta dantza klaseak antolatzea, abesbatza osatzea, hizlari ugari ekartzea eta euskararekin lotuta, 2009ko neguko barnetegia hemen egitea, Las Floresen. Horretaz gain, euskaldunen partaidetza bermatu dugu hainbat ekitalditan, esaterako herriko kabalkadatan eta herriko jaietan, Las Floresen bertan eta eskualdeko beste herri batzuetan. Euskal agintariek bisitatu gaituzte eta Gaztemundu programan parte hartzeko lau beka lortu ditugu. Dirulaguntzei dagokienez, bi kudeatu ditugu; egoera larrian daudenentzako laguntza ere lortu genuen. Eta zerrenda luzeagoa da… Orain, ordea, uzteko momentua heldu da eta apur bat triste nagoen arren, pozik ere, lan handia egin dugulako”, azaldu dio Graciana Goicoechandiak EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus