euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Loreak", "Lasa eta Zabala" eta "Negociador" filmak, besteak beste, Bartzelonako Euskal Zinemaldian

2015/01/29

Zinemaldia.cat, Bartzelonako euskal zine jaialdiaren aurtengo kartela
Zinemaldia.cat, Bartzelonako euskal zine jaialdiaren aurtengo kartela

PUBLIZITATEA

Dena gertu dago Bartzelonako Euskal Etxean 2015eko Zinemaldiari ekiteko; datorren otsailaren 6an abiatuko da, eta otsailaren 27an amaituko. Berritasun asko ditu jaialdiak, nagusiena ziurrenik, aurten "Txapela D'Or" sariak dirutan ordainduko direla, hiru kategoriatan: dokumentalik onena, fikziorik onena eta euskarazko filmik onena. Horrez gain, jarduera bereziak egingo dira: txikiei eskainitako atal berezia -Txo!-, Katalunia eta Euskal Herriko ikusentzunezko profesionalentzako topagunea eta zine-ibilbideak Bartzelonan barrena.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxearen Zinemaldiak beste pauso bat eman du aurten eta berritasun ugarikin dator 2015eko edizio honetan, Euskal Herrian eginiko zinema katalanei helarazi eta erakutsi nahian. Euskal etxetik atera zen iaz jaialdia, Girona zinematan egin baitziren emanaldiak. Aurtengoan, bide horretan jarraituz, beste areto bat gehitu dute programaziora: Malda zinema. Han egingo da antolatzaileek prestatu duten jardunaldi berezietako bat: Julio Medem zuzendariaren filmeen maratoia.

Beste berritasun bat, nagusiena agian, aurten sariak dirutan emango direla da, Euskal Etxeko kultur koordinatzaileak, Roger Sallasek, EuskalKulturari agertu dionez. Hiru sari banatuko dituzte: Txapela d’Or-Euskadi Basque Country saria Fikziozko film onenari; Txapela d’Or-Euskadi Basque Country saria Dokumental onenari, eta Txapela d’Or-Azkue Fundazioa saria Euskarazko film onenari.

Kataluniako eta Euskal Herriko zine arloko adituek osatzen dute epaimahaia --Judith Colell, Núria Vidal, Marc Martínez, Aritz Lekuona eta Hammudi Al-Rahmounillor-- eta filme hauen artean aukeratu beharko dituzte irabazleak: fikzio arloan, "Negociador",  ("Ocho Apellidos vascos" arrakastatsuaren gidoilari Borja Cobeagak zuzendua), "A escondidas", "Dixie", "Los tontos y los estúpidos", "Loreak" eta "Lasa eta Zabala". Dokumental arloan, "I am Haiti", "5 days to dance", "Echeverriatik Etxeberriara", "Lantada", "Señales de vida" eta "Ateak zabalduz".

"Txo!", txikientzako

Beste berritasun bat txikientzako jarduera sail berezia izango da, "Txo!" izenarekin. "EH Sona! musika jaialdian sortu zen ideia bat izan zen eta arrakasta itzela izan zuenez, Zinemaldian ere egitea erabaki dugu. Publiko berri batengana heltzeko aukera polita da", azaldu du Sallasek.

Horrez gain, zinemaldiak ikusentzunezko industriari zuzenduriko topagune bat ere jarriko du abian, Euskal Herriko eta Kataluniako profesionalen arteko harremanak sustatzeko helburuarekin.

Infornazio gehiago, Zinemaldiaren webgunean: www.zinemaldia.cat.



Komentarioak

  • Lan on eta etengabea

    Ez naiz sekula Bartzelonako Euskal Etxean izan baina Euskalkulturan irakurten dudanagatik lan itzela egiten duzuela iruditzen zait. Asko pozten naiz, oso lan interesgarria egiten duzue, segi hola-hola!

    Martin (Bilbo), 2015/02/01 17:37

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia