euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Loreak" eta "Echevarriatik-Etxeberriara" izan dira Zinemaldia.cat jaialdian Urrezko Txapelen garaile

2015/02/16

Jose Mari Goenaga, "Loreak" filmaren zuzendari Jon Garañorekin batera, Urrezko Txapela jasotzen (argazkia Jordi Borras)
Jose Mari Goenaga, "Loreak" filmaren zuzendari Jon Garañorekin batera, Urrezko Txapela jasotzen (argazkia Jordi Borras)

PUBLIZITATEA

Atzo igandean banatu ziren Bartzelonako Zinemaldiaren lehiaketa ofizialeko sariak eta bi film izan ziren garaile: "Loreak", film onenari Urrezko Txapela eta "Echevarriatik-Etxeberriara", dokumental onenari Urrezko Txapela. "Loreak"-ek, gainera, sari bikoitza eskuratu zuen, Euskarazko lan oneneri txapela ere jaso baitzuen. Zinemaldia, baina, ez da lehiaketarekin amaitu, eta datozen egunetan helduko dira, besteak beste,  zine maratoia, Kimuakeko laburrak eta haurrentzako Txo! saila.

Bartzelona, Katalunia. Igande gau honetan itxi zen Bartzelonako Zinemaldiaren lehiaketa ofiziala, epaimahaiaren erabaki eta sari banaketarekin. "Loreak" filmak bi sari irabazi zituen: batetik, Txapela d’Or-Euskadi Basque Country saria Fikziozko film onenari, eta bestetik Txapela d’Or-Azkue Fundazioa saria Euskarazko film onenari. Arrakasta itzela izan du Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzenduriko filmak, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian estrenatu zenez geroztik: han kritika oso onak izan zituen eta harrezkero nazioarteko beste zinemaldi mordoxkan parte hartu du (Londres, Zurich eta Tokyo, esaterako). Espainiaiako Goya sarietan ere lehian izan da, Film Onena eta Jatorrizko Musika Onena ataletan.

Dokumentalei dagokienez, irabazlea "Echevarriatik-Etxeberriara" lana izan da, Oiartzungo Ander Iriarterena. Ezker abertzalearen munduaren barruan indarkeriak izan duen pisua azaltzen saiatzen da (ETAren indarkeria, poliziarena, politikoa, herriarena, estatuarena, psikologikoa eta beste hainbat aztertuz).

Jaialdiaren epaimahaia honakoek osatu dute: Judith Colell (zinegile eta Espainiako Zinema Akademiako lehendakariordea), Nuria Vidal (zinema kritikaria), Marc Martínez (aktorea), Aritz Lekuona (ESCAC eskola) eta Hammundi Al-Rahmoun (zuzendaria).

Orain maratoia, Txo!, eta gehiago

Urrezko Txapelen sari banaketa ekitaldia ez da izan Zinemaldiaren amaiera; izan ere, datozen egunetan euskal zineak bizi-bizi jarraituko du Bartzelonan, euskal etxeak antolatu dituen ekitaldiei esker. Otsailaren 27a arte luzatuko da jaialdia, lehiaketaz kanpoko emanaldiekin eta jarduera bereziekin. Hona batzuk: Julio Medem donostiarraren filmen maratoia, Bartzelona hirian barrena zinema ibilbideak, AlterZinemaldia eta TXO! haur eta familientzako atala.
 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia