euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lorea Palacios, Mexikoko Euskal Etxea: "Ateak ireki behar dizkiogu esperientzia berriak eta tradizioa batu nahi dituztenei"

2016/02/02

Lorea Palacios Urquiola, erdian, da Mexikoko Euskal Etxearen presidente berria
Lorea Palacios Urquiola, erdian, da Mexikoko Euskal Etxearen presidente berria

PUBLIZITATEA

Loreak Palaciosek Josu de Garritzen lekukoa hartu berri du Mexikoko Euskal Etxearen presidente karguan, eta elkartearen etorkizunari eta erronkei buruz solastu da EuskalKultura.com-ekin. "Galdua dugun gazteriaren aldeko apustua egin behar dugu, nahiz eta jakin oso zaila dela gazteak erakartzea kultur eskaintza hain zabala eta erakargarria duen hiri honetan. Eta garrantzitsua da baita ere galdutako bazkideak berreskuratzea", azaldu du.

Mexiko Hiria, Mexiko. Mexikoko Euskal iragan asteburuan egin zuen bere Urteroko Biltzar Nagusia eta zuzendaritza berritu egin zuen. Bileraren buru izan zen zuzendaritza talde zaharra --Josu de Garritz (presidente), Lorea Palacios (idazkari) eta Julen de Garritz (diruzain)-- eta zuzendaritza berriko presidente gisa Lorea Palacios proposatu zuten.

Palaciosekin batera zuzendaritza berrian Gotzon Uribe, Itziar Urquiola, Maite Gracia eta Agustín Palacios ariko dira, eta Palaciosen esanetan lan talde txikiak egingo dira ekitaldi desberdinak burutzeko. Horrez gain, Palaciosek lagundu nahi duen bazkide orori lantalde hauetara biltzeko gonbitea luzatu zien.

Euskal Etxeari maitasuna

Biltzarrean Josu de Garritzek azaldu zuenez euskal etxeko kide izatea "barru barruan eraman behar den zeozer da. Bazkideak dira Euskal Etxeari zeozer eman behar diotena. Bazkideek ulertu behar dute kuota ordaintzea gain, koloreei maitasuna eduki behar dietela, Euskal Etxeari maitasuna".

Lorea Palaciosek, bere partetik, bazkideen botoa eskertu zuen, eta euren laguntza eskatu zuen Euskal Etxeari maitasuna familia, seme-alaba eta lagunei transmititzeko. "Bakarrik denak elkarrekin aurrera atera ahalko ditugu jarduera eta proposamen berriak", esan zuen.

Proiektu berriak

Presidente berriak azpimarratu egin zuen oso garrantzitsua dela "zabalkunde egokia izatea, eta horretarako beharrezkoa da sare sozialetan presentzia izatea". Horrez gain, Palaciosen ustez "Mexikoko Euskal Etxeak ateak ireki behar dizkio esperientzia, ikaspenak eta tradizioak uztartu nahi dituztenei".

Datozen urteetarako egin nahi dituzten ekimen artean, dagoeneko elkartean tradizio handiko festak direnak --Danborrada, San Fermin, Baztango Eguna...-- eta jarduera berriak uztartu nahi dituzte. Ekimen horien artean pintxo-potea, karaoke gauak, kontzertuak, zinea, dantza, familiaren eguna, sukaldaritza eta bertso tailerrak, eta askoz gehiago daude.

Palaciosek pozik hartu du presidente izatearen erronka, azken zortzi urteetan zuzendaritzetako parte izan eta gero. "Benetako engaiamenduarekin hartzen dut, nire bigarren etxetzat dudan toki honi ekarpena egiteko", esan du berak. Zorte on eta aurrera!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia