Bukatu zela ia pare bat aste pasatuta, sarean etengabe segitzen dute agertzen ekitaldiko argazki, bideo eta iruzkinek. Euskal Herrikoentzat berezia, euskal-amerikarrentat oso berezia izan zen. Lorea Bilbaok barrutik bizi izan zuen.
euskal diaspora eta kultura
2016/07/22
PUBLIZITATEA
Bukatu zela ia pare bat aste pasatuta, sarean etengabe segitzen dute agertzen ekitaldiko argazki, bideo eta iruzkinek. Euskal Herrikoentzat berezia, euskal-amerikarrentat oso berezia izan zen. Lorea Bilbaok barrutik bizi izan zuen.
Joseba Etxarri. Bizkako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbao buru-belarri ibili da lanean ekain-uztailean hiriburu estatubatuarrean Smithsonian Folklife Festival-en. Aurreko hilabeteetan, Euskal Herritik; eta momentua iritsita, bertatik, buruz-buru Euskal Herritik zein Estatu Batuetako euskal komunitateetatik erakusle bertaratutako ia 300 pertsonekin, Smithsonian-eko langile eta bolondresekin batera egunero elastikoa ondo izerditzen [DCko bero ikaragarri hezeak horretan lagunduta, seguruenik]. Zalantzarik ez da aurten ekainaren 29tik uztailaren 4era arte eta uztailaren 7tik 10eraino euskaldunei eta euren kulturari eskainia Washingtonen bihotzean egindako ekitaldi hau askok sekula amestu gabeko lorpena izan dela, euskaldunak, euren hizkuntza, kultura eta nortasuna normaltasunez eta duin agertua Estatu Batuetako hiriburuan, 4th of July-ko datetan gainera. Francopean hirian Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izan zen Pedro Beitia ordiziarrak ez zuen erraz sinetsiko. Eta gauza bera esaten zuten ekitaldira Kalifornia eta AEBetako Mendebaldetik inguratutako euskal emigranteen biloba edo berbilobek: "Gure aitxitxe-amumei, edo aitatxi-amatxiri, kostatuko zitzaien hemen bizitutakoa sinestea", zioten euren bihotz euskal-amerikarra zinez hunkituta.
Pozez ikusi zaitugu ekitaldiko balantzea egiterakoan. Ikuspuntu panoramikotik egindako balioespen orokorraz aparte, pentsatzen dut hamaika pasadizo eta buruz-buruko kontaktu gertatu izan direla Washingtona erakustera etorri zaretenen artean eta ikustera etorritakoen artean.
-Nik bisitarien interesa azpimarratuko nuke. Gogoan hartu behar da hau ez dela izan Boiseko Jaialdi bat bezala: Boisen euskaldunak ezagunak gara, Jaialdira hurreratzen den jende gehienak ezagutzen gaitu; Boisen guztiek daukate auzokoren bat euskalduna, bisitatu izan dute hiriko Euskal Museoa, afaldu izan dute bertako Basque Block-en edo ezagutzen dute bertako BSU Unibertsitateko Euskal Ikasketen Programa. Washintonga hurreratu den publikoa, Washingtongo eta euskal komunitaterik ez dagoen Amerikako hainbat lekutako amerikarrak izan dira eta oso sorpresa polita izan da euren ikusmina eta interesa ikustea eta, are gehiago, hori guztia sentitzea. Smithsonian Folklife Festivalen historian, esaterako, lehenengoz ekarri eta dastarazi da hizkuntza bat; euskara oso presente egon da eta euskara klaseak, oso oinarrizkoak, jakina, eman ditugu, eta sekulako segimendua eta interesa piztu dute. Honekin esan nahi dut, garenarekin etorri garela; hau folklife festival-a izanik euskal tradizio eta ohiturak, historian euskaldunek sortu ditugunak, ofizio, industria eta molde tradizionalak ekarri ditugu erakusgai, ez guztiak hori ezinezkoa baitzen, eta erakutsi diegu euskaldunek bizitzari emandako erantzunak, non eta nola ibili garen munduan, untzigintza, baleen ehiza, Idiazabalgo gazta, Gernikako eta Ezpeletako piperra edo Añanako gatza bezalako produktuak, pilota eta herri-kirolak, kantua, dantza, musika, bertsolaritza... eta tradizio-modu horiek abiapuntu eman ditugun urratsak, Euskadi eta euskaldunak berrikuntza lantzen duen eta iraganari geroa konplexurik gabe eman nahi dion herri eta kultura bezala agertuz.
Estatu Batuetako Diasporaren partaidetza zabala bildu da Washingtona, kantari, dantzari eta musikarietan bereziki: Amuma Says No, Noka eta Biotzetik-eko kantari eta musikariak... eta hainbat dantza talde, San Francisco, Chino, Bakersfield, Boise, Elko, Salt Lake City-koak...
-Hasieratik izan dugu koordinatzeko eta guztiok batera aritzeko helburua. Iazko udan, Boiseko Jaialdirako bidean Bizkaiko diputatu nagusia, Unai Rementeria, Washingtonen gelditu eta sinatu zuen lankidetza akordioa Smithsonian-ekin; aurretik bazeuden lana eta kontaktuak eginak, baina huraxe izan zen aurrera egiteko momentua. Hortik aurrera gainerako foru erakundeekin eta Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu gara eta azkeneko momentuan Nafarroako Gobernuarekin ere kontatu ahal izan dugu eta, bistan da, Diasporarekin. Hala behar zuen eta hala egin dugu. Guztiok bezala, Diasporak ere ahalegin handia egin du eta, hemengo eta hango, guztiok euskal proiektu bateratu bat aurkeztu dugu. Diaspora gure kulturaren enbaxadoreak dira eta askotan ez dugunez izaten batera ibiltzeko aukera, bereziki ederra izan da eurekin lan egitea. Badakit, gainera, euretako askorentzat oso esanguratsua eta sinbolikoa izan dela National Mall-en eta Kapitolio aurreko leku horietan aritzea. Hainbat momentu gogoangarri eta hunkigarri eskaini diguten egunak izan dira.
Nola sortu zen Txantxangorria bertara ekarri eta euskara protagonismo nabariz erabili eta erakusteko ideia, 'Euskaltegi' izeneko oihalpe bat eta guzti?
-Seguruenik hala behar zuen. Festival-a Smithsonianena da, baina kultura gurea zen, beraz gauza guztiak adostu egin ditugu. Euskararenak, esaterako, oso ondo funtzionatu du, eta guztiontzat pozgarria izan da euskararekiko ikusi dugun interesa. Hainbati harrigarria egingo zaio, baina asko izan dira hitz gutxi batzuk, baina horiek ikasita edo idatzita etxeratu diren bisitariak. Horixe izan da azpimarragarria, errespetua, jakinmina, interesa eta hurrerapena. Bisitari asko harritu dira gurekin, herri txikia izanik gure indarra, gogoa eta asmo eta emaitzak ikusita. Ikusi dute Francopean gorriak ikusi zituen hizkuntza eta kultura baten egoerari buelta emateko gauza izan den herria garela. Tradizioa oinarri berrikuntzarako bidea hartu dugula, eta hizkuntza eta kultura txikien artean eredugarri bihurtu garela. Egokia litzateke esatea euskararen txantxangorriak euskaltasunaren hegoak astindu dituela uztail honetan Washingtonen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus