euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lore eskaintza, aurreskua eta Gernikako Arbola kantatzea Montevideon, Gernikako Bonbardaketa gogoratzeko

2015/05/05

Aurreskua dantzatu zuten Montevideoko Eusko Indarrako dantzariek Guernica Plazan Bonbardaketaren 78. urteuirrenean (argazkia Uruguaiko Azken Berriak)
Aurreskua dantzatu zuten Montevideoko Eusko Indarrako dantzariek Guernica Plazan Bonbardaketaren 78. urteuirrenean (argazkia Uruguaiko Azken Berriak)

PUBLIZITATEA

Urtero sasoi honetan gertatu bezala, Gernikako Bonbardaketa gogoan hartu zuen euskal-uruguaitar jende talde batek Montevideoko Guernica Plazan egindako ekitaldi batean, herri bizkaitarraren bonbardaketa kari. Enrique Poittevin FIVUko lehendakariak hitz hunkigarriak zuzendu zizkien bertaratutakoei eta Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeek deiturik bildu ziren lagunei.

Montevideo, Uruguai. Gernika Franco general espainiarraren aliatu ziren hegazkin naziek eta italiar faxistek Gernika bonbardatu zuten egunaren 78. urteurrena betetzen zen egunean bertan egin zen Montevideon ekitaldia, iragan apirilaren 26an, igandea. Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeek deituriko hitzorduan Enrique Poittevin FIVUko (Euskal Uruguaitar Erakundeen Federazioa) lehendakaria mintzatu zitzaien bildutakoei, Gernika, bere esangura, bonbardaketa eta honen oihartzuna eta egun Euskal Herrian zein munduko euskal komunitateetan izaten segitzen duen gomuta aipatu zituen, hitz hunkigarriz.

Lore eskaintza bat ere egin zen Guernica Plazan dauden Gernikako Arbolaren kimuaren eta plakaren aurrean, Montevideoko Eusko Indarra dantza taldeko dantzariek ohorezko aurreskua dantzatuta.

Bertaratutakoek Gernikako Arbola kantatu zuten euskal eta uruguaitar banderak ekitaldiko buru izan zituen elkarretaratzean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia