euskal diaspora eta kultura
2010/09/20
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Patxi Lopez lehendakaria datorren igandean abiatuko da Txinara, 'Euskadiren irudia ezagutzera emateko' aukera baliatuko duen misio baten buru. Bidaiak merkatal soslaia nabaria du, izan ere, Txina munduko ekonomia indartsuenetakoa da egun eta euskal enpresa askok lantegiak dituzte bertan.
Enpresa horiei bultzada eta babesa ematea, eta Txinan egoitza ezarri nahi dutenei bidea irekitzen laguntzea dira helburuetako batzuk, bidaiaren aurkezpenean Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkariak azaldu zuenez. Echeniquek lehendakariak uztailean Boiseko jaialdira egin zuen bidaia ekarri zuen gogora, misio honetan egin nahi den lanaren aurrekari bezala.
Lopezen agenda astelehenean, irailaren 27an, hasiko da, Shanghaiko Expoaren barruan Euskadiko Astea inauguratuz. Ondoren lehendakariak 'Txinara hurbiltzea esperientzia lokaletik' izenburudun enpresa topaketan parte hartuko du.
Hurrengo egunean Lopezek MCC taldeak Kunshan-en duen enpresa parkera bisita egingo du eta bertan Batz, Fagor Arrasate, Orkli eta Orbea kooperatiben lantegiak ezagutuko ditu. Ondoren lehendakariak harrera ofizial bat eskainiko du Euskadiko Astearen ospakizuna dela eta.
Asteazkenean, irailaren 28an, Lopezek hitzaldia emango du CEIBS Negozio Eskolan, Wang Jianmao irakaslearekin batera, eta Jiangsu probintziako gobernadorearekin bilduko da. Azkenik, ostegunean, irailaren 30ean, Bilbok Shanghaiko Expoan duen standa bisitatuko du, Iñaki Azkuna Bilboko alkatearekin, eta bidaia Shanghaiko Euskal Etxera egingo duen bisitarekin bukatuko du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus