euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lopez Lehendakaria Brasil eta Txinara bidaiatuko da aurten, eta seguruenik AEBetara, Boiseko Jaialdira

2010/01/04

PUBLIZITATEA

Pixkanaka pixkanaka jakiten ari da, eta Lehendakaritza ari da adierazten zein izango den Lopez Lehendakariaren kanpoko agenda. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusitik bi leku, Sao Paulo-Brasil eta Shanghai-Txina, adierazi dira, eta bi data, martxoko bigarren hamabostaldia eta iraileko azken zatia. Biak, gako ekonomikoei erantzuten eta ez identitarioei, orain arteko kontsignak segituz: Lehendakaria, bidaiari ordezkaritza ekonomiko zabal bateko buru. Hirugarren bidaia bat ere aipatu da, baieztatzeke baina seriuski aztertzen ari dena: AEBetan uztail hondarrean, Boiseko Jaialdin parte hartu eta bertako euskal komunitatearekin ere biltzeko. Euskal Herritik kanpo egiten den euskal bilkurarik handiena da Jaialdi, bost urtero Boisen (Idaho) egiten dena.

Vitoria-Gasteiz. Brasilgo eta Txinako bidaiek azentu ekonomiko garbia edukiko dute eta Lehendakaria industria eta arlo ekonomikoko ordezkaritza zabal bateko buru gisa bidaiatuko da, Industria sailburua ere bertan, enpresarien ordezkariak bertan, eta Merkataritza Ganbara zein Foru Aldundietako arduradun ekonomikoak ere partaide.

Shanghairen kasuan, alderdi ekonomikoari emendatu beharko zaio Lehendakariak parte hartuko duela Shanghaiko Expo-n irailaren 30ean ospatuko den Euskadiren Egunean. Txinako hiriburu ekonomikoan egingo den mundu erakusketa honetan Espainiako pabilioia bisitatuko du eta, haren baitan, Bilboko hiriak izango duen standa.

Sao Paulo (Brasil), Shanghai (China)... y Boise (EEUU)

Lehendakaritzatik ez da oraindik hala izango denik baieztatu, baina datozen hilabeetarako seriuski aztertzen ari den beste bidaia bat Estatu Batuetarako da, uztail hondarrean eta abuztu hasieran. Zioa, orduan Boisen (Idaho) ospatuko den Jaialdi delako ekimena, munduan Euskal Herritik kanpo antolatzen den euskal elkarretaratzerik handiena, bost urtean behin. Lopez Lehendakariak alderdi ekonomikoa eta bisita ekonomiko batzuk bilduko lituzke, baina bidaian gehienbat euskal gizataldeekiko alderdiak nagusituko lirateke, Estatu Batuetakoa baita Argentinakoaren ondotik munduko euskal komunitaterik handiena.

Izan ere, Brasilen eta Txinan bertako euskal etxeetako kideekin biltzeko asmoa badauka ere, Estatu Batuetakoa izango litzateke, garrantzi aldetik, bere euskal gizatalde handi edo pisuko batekiko bere lehenengo kontaktua. AEBetan, NABO edo Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioko ordezkariekin, Nevada-Renoko Unibertsitateko Eusjkal Ikasketa Zentroko kideekin eta beste kontaktupide batzuekin bilduko litzateke.

Brasilen bi euskal etxea daude (bigarrena zinez berria, joan den abenduan ofizialki onetsia), biak Sao Paulo eskualdean; Shanghai eta Txinan, bakarra, Shanghain; Estatu Batuetan, berriz, berrogei bat dira euskal etxeak. AEBetan, bestalde, Euskadiko Ordezkaritza bat dago, Ordezkaria izendatzeke, egoitza New Yorken. Industrai Sailaren menpekoa en SPRIk, ostera, ordezkariak edo ordezkaritzak dauzka AEBetan, Brasilen zein Txinan.

Euskadiko Ordezkaritzak bisitatzen

Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Guillermo Echenique, bestalde, hilabete honetan bertan bidaiatuko da Argentina eta Txilera, bertako Euskadiko Ordezkaritzak bisitatu eta euskal komunitateekin ere biltzeko. Argentinako Ordezkaria, Elvira Kortajarena da, joan den irailetik bertan lanean ari dena. Txileko Ordezkari postua, berriz, hutsik dago.

Otsail hasieran, Echenique estatu Batuetara joango da, hilaren 6an New Yorken euskaldunez eta euskal immigrazioaz Ellis Islanden zabalduko den erakusketaren inaugurazioan parte hartzera. Bisita Euskadiko Ordezkaritza bisitatzeko baliatuko du, kasu honetan ere Ordezkari kargua izendatzeke dagoela. New Yorkeko Euskal Etxea ere bisitatuko du, 1913an sortua izanik, Estatu Batuetako zaharrena dena.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia